Olympique Lyonnais (OL) edo Lyongo Olinpiarra Frantziakofutbol talde onenetakoa da, Lyon hirikoa. Zazpi Liga irabazi ditu, denak jarraian, eta honetaz gain bost kopa ere bai.
Historialari batzuek taldea 1899an sortu zela dioten arren —urte hartan sortu baitzen unibertsitateko Lyon Olympique Universitaire—, 1950an eratu zen gaur egungo elkarte profesionala Olympique Lyonnais izenarekin. 60. hamarkadan Lucien Jasseron entrenatzailearen eskutik bi Kopa irabaztea lortu zuen eta 1973an hirugarren kopa bat ere lortu zuen.
1987an Jean-Michel Aulas negoziogizonak erosi zuen eta OL-Europa planari abia zuen. UEFA Koparako sailkatu zen pare bat aldiz eta Intertoto Kopa ere irabazi zuen 1997an. XXI mendea hasi zenerako Frantziako talderik aberatsena zen eta jokalari bikainek jokatu zuten bertan, batzuek aipatzekotan: Michael Essien, Florent Malouda, Juninho Pernambucano, Cris, Éric Abidal, Mahamadou Diarra, Patrick Müller eta Karim Benzema. 2002an lehenengo Liga irabaztea lortu zuen eta beste sei etorri ziren jarraian.
Taldearen ekipamendua elastiko zuria eta galtza urdinak izan dira beti eta bularrean Lyon hiriko koloreak diren urdina eta gorriarekin "V" itxurako lerroak eraman izan ditu. 1976an uniformea erabat aldatu eta kolore gorria hartu zuen baina 1990an berriz ere ekipamendu zurira itzuli zen, detaile urdin eta gorriak zituelarik.
FC Lyon taldearen emakumezkoen atala eratu zen 1970an eta hor dago taldearen jatorria. 2004an Olympique Lyonnais-en barnean sartu zen eta maila nabarmen igo zuen. Ordutik aurrera Frantziako eta Europako talde indartsuena bihurtu da, sei aldiz irabazi baitu Txapeldunen Liga .