Pedro Antonio Añibarro
Pedro Antonio Añibarro | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Areatza, 1748ko abenduaren 5a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Zarautz, 1830 (81/82 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijio-ordena | Anaia Txikien Ordena |
Pedro Antonio Añibarro Ugalde (Areatza, Bizkaia, 1748ko abenduaren 5a - Zarautz, Gipuzkoa, 1830) euskal idazlea izan zen. Juan Antonio Mogelekin batera bizkaierazko literaturaren aitatzat hartzen da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1764an San Frantziskoren Ordenan sartu zen Bilboko komentuan eta 1772an apaiztu. 1790ean Zarauzko Misiolari Ikastetxean onartu zuten eta han egon zen hil artean. 1794an, Konbentzio Gerran frantsesek Gipuzkoan sartu zirenean, preso harturik Frantziara eraman zuten. Handik bi hilabetera itzuli zen eta berriro gerra ezagutu zuen, 1808tik 1814ra luzatu zen Iberiar Penintsulako Gerra, alegia.
Misiolari gisa Hego Euskal Herriko hizkerak sakon ezagutzeko aukera izan zuen, eta ezagutza horrezaz baliatu zen nafarreraz, gipuzkeraz eta bizkaieraz idazteko. Azken euskalki honetan egin zituen lan gehienak eta ezagunenak, bizitzan zehar landuz joan zen bizkaiera orokor xamar batean.
Añibarro eta bizkaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Añibarrok, Mogelek eta Frai Bartolomek bezala, bizkaiera erabili eta landu zuen bere lanetan, euskalki honetaz literatura hizkuntz ereduzko bat moldatuz, ordura arte bizkaieraz idatzirikoa gutxi eta han-hor-hemen zabaldua baitzegoen.
Añibarro eta Mogel bat zetozen Bizkaian bertako euskalkia erabili behar zela eliz zereginetan: hala sermoietan nola katekesi liburuetan. Idazterakoan zein bizkaiera mota behar zen, ez zeuden ados. Izan ere Añibarrok zabalago eta, gaurko ikuspuntutik, zentzudunago jokatzen zuen, artikuluak eta hitzen bukaerak ondo bereiziz, lekuan lekuko fonetismoak gaitzetsita; Mogelek, berriz, herrian –Markinan– hitz egin eta entzun bezalaxe idazten zuen, bitxikeria fonetiko guztiak maila idatzian ere gordetzen zituela. Añibarro Manuel Larramendiren mireslea zen, haren eragina maila teorikoan nabarmena izanik; euskarazko liburuetan, berriz, gutxitan erabili zituen hark sorturiko neologismoak.
Ekinbide literarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Obra askoren egilea izan zen Añibarro: debozio liburu anitz, itzulpenak, hizkuntzari buruzko tratatuak eta erdara-euskara hiztegia. Liburu horietariko asko, diru eskasia zela eta, autorea hil ondoren eman ziren argitara, beste batzuk argitaratu gabe gelditu zirelarik.
Berak egindako ebanjelioen itzulpena, osoa nahiz zatiren batena, idazle askoren ikerlana izan da.
Bakar batzuk aipatzearren, Salaberri Ibarlakoaren San Mateoren ebanjelioaren itzulpena dugu, behe-nafarreraz, Bonaparte printzeak argitaratu zuena hamabi ale kaleratuz. 1856an, zubereraz, Emmanuel Intxauspek itzuli zuen San Mateoren ebanjelioa, Bonapartek ordaindu eta beste hamabi aletan banatuz. Añibarroren eskuizkributan gordetzen denaz gain, Elkanoko Lizarragak Jesus-Cristoren evangelio sandua Juanec dacarren guisara. Don Joaquin Lizarragac euscaran itzulia itzez itz, daiken diña, egiaren amorez, ta Luis Luciano Bonaparte principeac arguitara emana liburua 1868an argitaratu zuen Bonaparteren laguntzaz. 1838an Oteiza medikuak San Lucasen ebanjelioaren itzulpena argitaratu zuen Madrilen George Borrowek eskatuta. Badira, era berean, lan horretan jardun duten beste idazle gehiago ere, hala nola, Manuel Arriandiaga bizkaitarra, etab.
Aurrekoak bezala argitaratzeke gelditu zen Artzai-Adibideac, Toledoko artzapezpikuaren gutun pastoral baten itzulpena. Añibarroren estiloa didaktikoa da, gauzen azalpena helburu duena, argia baina ez distiratsua; sinonimoak pilatzera jotzen du, eta honek alde batetik hizkuntzari aberastasuna badakarkio, halako astuntasuna damaio bestetik.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Cristau-Doctriña, ceñetan eracusten baitire gure Fede Sanduco gauzarik bearrenac, aita Astetec erderaz, eta orai Nafarroaco euscaran izarrac adirazten duena erantsiric (1802-1803, Josep Rada), goi-nafarreraz idatzia eta oharrez hornitua;
- Misioco canta santuac (1803, Donostia)
- Escu liburua, eta berean eguneango cristiñau-cereguiñac (1802, Fr. La Lama,Tolosa), deboziozko jarduerak biltzen dituena etabizkaierazko klasikoa dena. 1821 eta 1827an zenbait eranskin eta zuzenketaz lagundurik berriro argitaratu zen.
- Lora Sorta espirituala, ta propositu santuac vicitza barri bat eguiteco Aita Palacios misionariac Misiño ondoan emoten cituanac (1803, Tolosa). Palacios Aita misiolariaren Ramillete Espiritual eta Propósitos liburuxken bizkaierazko itzulpena.
- Lau Evangelioac batera alcarturic
Hil ondoren argitaraturiko lanak:
- Gurutze Santuaren, Aita Gure ta Ave Mariaren ganeco Eracusaldiac (Durango, 1879; beherago aipatzen den Misionari Euscaldunaren zatia).
- Gueroco Guero. Axularren klasikoaren bizkaierazko itzulpena, Añibarrok gordintzat zeuzkan pasarteez arindua. RIEV-en 1923tik harat argitaratzen hasia (42 kapitulu).
- Catálogo de los pueblos vascongados de Vizcaya, Guipúzcoa y Navarra (Eusk. Adisk. Bol., 1956). Pastoraltzaren premiei begira egindako zerrenda hau, Libro de Becerro edo Crónica del Colegio de Zarauz liburuaren zati gisa emana, garrantzizkoa da 1820. urte inguruan euskararen mugak zein ziren ezagutu ahal izateko.
- Voces Bascongadas Diferenciales de Bizcaya, Guipúzcoa y Navarra (Caja de Ahorros Vizcaína, Bilbo, 1963). Manuel Larramendiren eragin nabarmena duen arren, dirudienez herriaren ahotik zuzen harturiko hitz asko biltzen ditu hiztegi honek.
- Gramática Bascongada para el uso y alivio de párrocos y predicadores bizcainos, guipuzcoanos y navarros (An. Sem. Fil. Vas. Julio de Urquijo, 1969). Hiru euskalkien aditz jokoaren azterketa, bereziki bizkaierazkoa, aurrekoa bezala L. Villasantek argitara emana.
Argitara eman gabekoen artekoak dira:
- Misionari Euscalduna, Cristiñau dotriña ta Sermoiac Bizcai-errietan iracasten., bi liburuki handik osatua dena: Añibarroren sermoiak eta kredoari, aginduei eta sakramentuei buruzko azalpenak.
- Nequea Arinduric. Jesus eta Mariaren nahigabeen gaineko meditazioak.
- Lau Evangelioak batera alcarturic. Lamy-ren konkordia ebanjelikoaren bizkaierazko itzulpena.
- Artzai-Adibideac. Toledoko artzapezpikuaren gutun pastoral baten itzulpena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pedro Antonio Añibarro literaturaren zubitegian Zubitegia.armiarma.eus
- Añibarroren testuak sarean Klasikoak.armiarma.eus
- Euskal Literaturaren Hiztegia
- (Gaztelaniaz) Miren BILLELABEITIA: Pedro Antonio Añibarro Euskomedia.org