Ricardo Baroja
- Artikulu hau Ricardo Barojari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Baroja».
Ricardo Baroja | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Minas de Riotinto, 1871ko urtarrilaren 12a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Bera, 1953ko abenduaren 19a (82 urte) |
Familia | |
Aita | Serafin Baroja |
Ezkontidea(k) | Carmen Monné |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, idazlea, artxibozaina, ilustratzailea eta grabatzailea |
Kidetza | Artxibozain, Liburuzain eta Arkeologoen Kidego Fakultatiboa |
Ricardo Baroja Nessi (Río Tinto, Huelva, Espainia, 1871ko urtarrilaren 12a – Bera, Nafarroa Garaia, 1953ko abenduaren 19a) margolaria, grabatzailea eta idazlea izan zen, Pío Baroja eta Carmen Baroja eleberrigileen anaia (haiekin batera, Berako Itzea jauregian bizi izan zen) eta Julio Caro Baroja antropologoaren osaba. Lan garrantzitsua egin zuen grabatzaile gisa; horregatik, Goyaren oinordekotzat jotzen da. Espainian jaioa, Euskal Herriari estu loturik dago haren bizitza.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ricardoren aita, Serafin Baroja, meatze-ingeniaria zenez, toki batetik bestera mugitzen zen bere lanbideagatik eta, hori zela bide, Ricardo halabeharrez jaio zen Río Tinton; hala ere, jaio eta berehala, familia osoa Donostiara joan zen bizitzera eta 1879an, 8 urte zituelarik, Madrila. Bi urte geroago Iruñera aldatu zen eta 1886an Bilbora.
Hamabost urterekin, Madrilgo Ingeniaritza Eskola Politeknikoan hasi zen baina ez zituen ikasketak bukatu tuberkulosiak gaixotu zuelako. Egoera horretan, haren gurasoek ez zuten nahi izan ikasketa neketsu horiek egiterik, lehenago Ricardoren anaia Dario gaixotasun berberak jota hil baitzen. Sendatu ondoren, 1888 eta 1891 urteen artean, Diplomazia Eskolan ikasi zuen eta bertan Artxibategi eta Liburutegietako kide izan zen. Gainera, Eugenio Vivóren eskolak jaso zituen margolaritza ikastetxe batean. Maiz ibiltzen zen Malagako eta Valentziako arte-giroan. Francisco Domingo y Marqués eta, batez ere, Ignacio Pinazo y Camarlench-en pinturak erakartzen zuen. Aitzitik, ez zuen erakartzen Joaquín Sorollaren orduko estilo indartsuak. Valentzian Julio Peris Brell margolaria ezagutu zuen eta adiskide egin ziren. Bien bitartean, bere anaiaren lehenengo liburuak ilustratu zituen.
Zenbait oposiziotan parte hartu ondoren, 1897an Cáceresko artxibategira bidali zuten, baina lanari uko egin zion edo, sarritan, eszedentziak eskatzen zituen, eta denbora laburrez beste zenbait lekutan ere egin zuen lan: Bilboko liburutegian, 1900ean Teruelgo Ogasun Ordezkaritzan eta 1901ean Segoviako probintzia-liburutegian. Azken horretan, 1902an, funtzionario zeregina utzi zuen, paper-sortak katalogatzea ez zuelako gogoko; izan ere, bidaiatzea eta alde batetik bestera ibiltzea gustatzen zitzaion gehienbat eta betidanik izan zuen museo batean lan egiteko grina.
Alma Española, Arte Joven eta Electra aldizkarietan kolaboratu zuen irudigile gisa, zenbaitetan Juan Gualberto Nessi goitizena erabiliz. Madrilgo Café Levante kafetegiko solasaldietan parte hartzen zuen, Valle Inclánekin, baita El Lion d´Or, Pombo eta El Gato Negro kafetegietan antolatzen zirenetan ere, Gente del 98 izenburuaz idatzi zuen liburu ospetsuan jaso zuen bezala.
1900ean eta ondorengo urteetan, hainbat lan aurkeztu zituen Bilboko Arte Modernoko Erakusketan, eta Donostian eta Madrilen ere ikusgai jarri zituen bere lanak. 1900 eta 1906 urteen artean, akuaforte teknika landu zuen batez ere. Ordutik aurrera, arte ederretako zenbait erakusketa nazionaletan parte hartu eta haietako batzuetan saria irabazi zuen: 1906an bigarren saria eta 1908an lehenengoa. Garai hartan, erretratuak eta eguneroko bizitzako eszenak egiten zituen batez ere, tonu erdi goiesko erdi erromantikoa erabiliz.
1903an Arte Joven taldea sortu zuen Picasso eta Francisco de Asís y Soler-ekin batera eta 1905ean Parisera bidaiatu zuen lehenengo aldiz. 1910ean Espainiako Grabatzaileen Elkartea sortu zuen beste kide batzuekin batera.
Antzerkia gustuko zuen eta 1915ean El Cometa antzezlana estreinatu zuen María Guerreroren konpainiarekin. 1917an bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, Aventuras del submarino alemán U. Urte berean kolaboratzen hasi zen bere koinatua Rafael Caro Raggio editorea argitaratzen zuen Biblioteca de Arte delakoan. 1920an Fernanda eleberria argitaratu zuen. 1925ean Círculo de Bellas Artes delakoan hitzaldi ospetsu bat eman zuen orduko arte-kritikaren kontra, izen zehatzik aipatu gabe, baina Juan de la Encina eta Jose Francési buruz ari zelarik. Mintzaldiak oihartzun handia izan zuen eta inprimatu ere egin zuten. Harrezkeroztik, kritikarien artean harekiko ezinikusia sortu zen.
1929an Nemesio Manuel Sobrevilaren El sexto sentido film surrealistan aktore bezala parte hartu zuen, doktore filosofo eta mozkorti baten papera eginez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ricardo Baroja. El arte de grabar. 1871-1953, Madril, Real Academia de Bellas Artes de San Fernando-Calcografía Nacional, 1999.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Biografia laburra
- (Gaztelaniaz) «Ricardo Baroja», Auñamendi Eusko Entziklopedia.