Edukira joan

Sinbiosi

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Pailazo arraina anemonaren tentakuluen artean mugitu daiteke haren zelula erresumingarriekiko immunea delako.

Sinbiosi deritzo bi organismo edo gehiagoren arteko epe luzerako harreman biologiko estuari. Sinbiosian parte hartzen duen organismo bakoitzari "sinbionte" deritzo, eta sinbionte horiek espezie berekoak edo espezie ezberdinekoak izan daitezke. 1879an, Heinrich Anton de Bary-k honela definitu zuen sinbiosia: "organismo ezberdinen arteko bizikidetza".

Sinbiosia derrigorrezkoa edo fakultatiboa izan daiteke. Sinbionte baten edo bien biziraupena haien arteko elkarrekintzaren menpe badago, sinbiosia hertsia dela esaten da, likenen kasuan bezala. Sinbionteak beren kabuz bizi ahal badira, bizirauteko bata bestearen beharrik gabe, pailazo arraina eta anemona bezala, sinbiosia fakultatiboa dela esaten da.[1]

Sinbiosia mota bikoa izan daiteke: endosinbiosia edo ektosinbiosia. Organismo sinbionteetako bat beste baten ehunen barruan bizi bada, harremanari endosinbiotiko deritzo. Harreman sinbiotikoa eratzen da, esate baterako, Rhizobium generoko bakterio nitrogeno-finkatzaileen eta landare leguminosoen artean, eta mikroorganismo hauek leguminosoen sustraietako noduluetan bizi dira. Sinbionteetako bat ostalariaren ehunen gainean bizi bada, adibidez, digestio-traktuko hodien epitelioan[2][3], harreman horri ektosinbiotiko deritzo. Ektosinbionteen adibide dira zorriak bezalako bizkarroiak, edo mutualista ektosinbionteak diren arrain garbitzaileak.

Sinbiosian parte hartzen duten organismoek onura, kaltea, edo ez bata eta ez bestea jasotzen duten arabera bereiztuko dira sinbiosi motak, hala nola, mutualismoa, komentsalismoa, parasitismoa, eta amentsalismoa.

Sinbiosi mota nagusien laburpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sinbiosi mota nagusien laburpena
Sinbionteak Mutualismoa Komentsalismoa Parasitismoa
A espeziea + + +
B espeziea + Neutroa -
Labrido bat arrain handiago baten ahoa garbitzen.

Mutualismoa sinbiosian parte hartzen duten organismo guztiek onura lortzen duten egoera da. Herbiboro askok hesteetako mikrobiota mutualista daukate haien digestio-aparatuetan bizitzen. Protozoo edo bakterio horiek bizileku bat lortzen dute, eta horien ostalariak, jandako materia begetala digeritzeaz arduratzen dira.[4][2] Esate baterako, koralezko uharriak koralaren eta alga mota ezberdinen arteko mutualismo baten ondorio dira.[5] Lehorreko landare eta ekosistema ugarik onddo mikorrizikoekin eratzen dituzten sinbiosiak beharrezko dituzte. Landereek atmosferako CO2-a finkatzen dute eta elikagai-soberakinak uzten dizkiete onddoei. Landareek, aldiz, errazago lortzen dituzte ura eta mineralak, onddoei esker.[6]

Mutualismoaren adibide bat Amphiprion ocellaris pailazo arrainaren eta Heteractis magnifica anemonaren artean ematen dena da. Anemonak bizitokia ematen dio arrainari, eta hark anemona jaten saiatzen diren beste arrain batzuk uxatzen ditu. Era berean, anemonaren tentakulu erresumingarriek pailazo arraina bere predatzaileetatik babesten dute. Amphiprion-en azalak ekoizten duen muki berezi batek anemonaren pozoiak beregan efekturik ez izatea eragiten du.[7]

Bestalde, labrido batzuek arrain handiago batzuen ahoak garbitzen dituzte. Arrain hauek parasitoen garbiketa bat jasotzen dute eta labridoek aldiz, elikagaia.[8]

Badaude eskualde tropikoko eta subtropikoko inurriak hainbat zuhaitzekin sinbiosi mutualistak eratu dituztenak.[9]

Komentsalismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harreman komentsalista daukaten organismoen artean, sinbionteetako batek onura jasotzen du, eta besteak ordea, ez du ez onura ezta kalte esanguratsurik jasaten.[10][2] Komentsalismoaren adibide dira leku batetik bestera joateko beste animalia batzuk erabiltzen dituzten izaki bizidunak; akaro batzuk esaterako, kakalardoez baliatzen dira lekualdatzeko. Beste izaki komentsalista batzuek, hildako animalien zatiak erabil ditzakete etxe bezala, eta hauxe da ermitau karramarroen kasua, gasteropodoen maskorrak erabiltzen baitituzte babeserako.

Anopheles generoko eltxoak odola zurrupatzen du.

Harreman parasitiko batean, bizkarroia edo parasitoa den sinbionteak onura jasotzen du, ostalariari (bigarren sinbionteari) kalte eraginez.[2] Bizkarroi batzuk ostalariaren ehunen barruan bizi diren endoparasitoak dira, esaterako, Ascaris lumbricoides nematodoa hainbat ugaztunen hesteetan agertzen da[11]. Beste batzuk ordea, ostalariaren gainean bizi diren ektoparasitoak dira, zorriak esaterako, edo periodikoki ostalariz aldatzen duten mikropredatzaileak, adibidez, eltxoak. Parasitismoa oso arrakastatsua den bizi-estrategia da, izan ere, ezagutzen diren animalia-espezieen erdiak,haien bizi-zikloan zehar, gutxienez, bizkarroi-fase bat daukate. Gainera, onddo eta landareetan ere oso hedatuta dagoen estrategia da. Organismo bizkarroien kopurua hain da handia, ezen bizitza askeko animalia gehienak bizkarroi-espezie baten edo gehiagoren ostalariak diren.

Amentsalismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harreman amentsalista duten organismoetan, sinbionte batek bestea ahultzen du, eta heriotza ere eragin diezaioke. [12][13] Bi amentsalismo mota daude; lehiaketa eta antibiosia.

Lehiaketan, handiena edo indartsuena den espezieak beste bati baliabideak murrizten dizkio. Basoan, altuagoak diren zuhaitzek beherago kokatzen diren landareei heltzen zaien argia murrizten dute, hauek ahulduz edo haien hazkuntza inhibituz.

Antibiosia edo antagonismoa, beste organismoen ugalketa inhibitzean datza. Izaki sesilek egiten dute gehien bat, haien inguruan beste organismo batzuk haztea ekiditeko substantzia kimikoak askatzen dituztenak. Intxaurrondo beltzak (Juglans nigra) bere sustraiak zabaltzen diren eremuan zehar juglona askatzen du. Sustantzia honek beste landare batzuen hazkuntza inhibitzen du.[14]

Koeboluzio-harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erlea lorearen nektarraz elikatzen da, eta bere gorputzean gelditzen den polena sakabanatzen du.

Sinbiosia hautespen-indar garrantzitsua dela onartu da azken urteetan, izan ere, hainbat espeziek bata bestearen menpeko historia koebolutibo luzea daukatela ikusi da.[4][15] Lynn Margulis-ek proposatutako endosinbiosiaren teoriaren arabera, zelula eukariotikoak arkeoen eta bakterioen arteko sinbiosia zela medio agertu ziren.[4][16][17] Horren froga da mitokondrio eta kloroplastoek material genetiko propioa edukitzea eta horien zelularekiko bikoizketa independentea izatea.[18]

Koeboluzio-harremanen adibide batzuk honako hauek dira:

Mundu-mailako landare baskularren %80ak mikorriza deritzon harreman sinbiotikoak eratzen ditu onddoekin. Horietatik ohikoenak mikorriza arbuskular deritzenak dira.[19]

Akaziaren inurriak landarea babesten du beste intsektu herbiboro batzuetatik.

Polinizazioa loredun landareen (angiospermoen) eta animalia polinizatzaileen arteko mutualismoa da. Hainbat landareren polinizazioa intsektuen (entomofilia), saguzarren edo hegaztien (ornitofilia) bidezkoa da, eta angiospermo horien loreak, ebolutiboki eraldatzen joan dira polinizatzaile zehatzekiko espezifikoak izateko. Erregistro fosilak frogatzen du loredun landareen eta intsektuen dibertsifikazioak batera eman zirela. Landare talde batzuek nektarra eta polen-garau luzanga eta itsaskorrak garatu zituzten, intsektuek elikagai-iturri zituzten substantzia horietara heldu ahal izateko aho-morfologia espezializatuak garatu zituztelarik. Taxoi batzuetan harreman hau hertsia da, landare-espezie batzuk intsektu-espezie bakarrak polinizatu ditzakeelako.[20]

Akazia eta akaziaren inurria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pseudomyrmex ferruginea akaziaren inurriaren eta akaziaren arteko (Vachellia generoa) harreman mutualista oso ezaguna da. Akaziaren inurria landareetan bizi den inurri-espeziea da, eta gutxienez bost akazia-espezietan agertzen da: inurriak landarea babesten du beste intsektu batzuetatik, eta landareak elikagaia eta bizilekua ematen dizkie inurriei eta haien larbei.[21][22]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «Intricate relationship allows the other to flourish : Sea Anemones - AskNature» AskNature (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  2. a b c d (Ingelesez) Paracer, Surindar; Ahmadjian, Vernon. (2000). Symbiosis: An Introduction to Biological Associations. Oxford University Press ISBN 9780195118063. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  3. (Ingelesez) Nardon, P.; Charles, H.. (2001). «Morphological Aspects of Symbiosis» Cellular Origin, Life in Extreme Habitats and Astrobiology (Kluwer Academic Publishers): 13–44.  doi:10.1007/0-306-48173-1_2. ISBN 1402001894. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  4. a b c (Ingelesez) Moran, Nancy A.. (2006-10). «Symbiosis» Current Biology 16 (20): R866–R871.  doi:10.1016/j.cub.2006.09.019. ISSN 0960-9822. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  5. (Ingelesez) Toller, W. W.; Rowan, R.; Knowlton, N.. (2001-12). «Repopulation of Zooxanthellae in the Caribbean Corals Montastraea annularis and M. faveolata following Experimental and Disease-Associated Bleaching» The Biological Bulletin 201 (3): 360–373.  doi:10.2307/1543614. ISSN 0006-3185. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  6. (Ingelesez) Harrison, Maria J.. (2005-10). «SIGNALING IN THE ARBUSCULAR MYCORRHIZAL SYMBIOSIS» Annual Review of Microbiology 59 (1): 19–42.  doi:10.1146/annurev.micro.58.030603.123749. ISSN 0066-4227. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  7. (Ingelesez) «Amphiprion percula (Blackfinned clownfish)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  8. (Ingelesez) Soares, M. C.; Côté, I. M.; Cardoso, S. C.; Bshary, R.. (2008-08-12). «The cleaning goby mutualism: a system without punishment, partner switching or tactile stimulation» Journal of Zoology 276 (3): 306–312.  doi:10.1111/j.1469-7998.2008.00489.x. ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  9. Piper, Ross. (2007). Extraordinary Animals: An Encyclopedia of Curious and Unusual Animals. Greenwood press.
  10. (Ingelesez) S., Nair,. (2004). Bacterial Associations: Antagonism to Symbiosis. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  11. (Ingelesez) de Silva, N. R.; Guyatt, H. L.; Bundy, D. A. P.. (1997-02). «Worm burden in intestinal obstruction caused by Ascaris lumbricoides» Tropical Medicine and International Health 2 (2): 189–190.  doi:10.1046/j.1365-3156.1997.d01-241.x. ISSN 1360-2276. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  12. «Result of Your Query» www.biological-concepts.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  13. (Ingelesez) Willey, Joanne; Sherwood, Linda; Woolverton, Chris. (2013-01-11). Prescott's Microbiology: Ninth Edition. McGraw-Hill Higher Education ISBN 9780077510664. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  14. (Ingelesez) «Amensalism | biology» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  15. (Ingelesez) Wernegreen, Jennifer J. (2004-03-16). «Endosymbiosis: Lessons in Conflict Resolution» PLoS Biology 2 (3): e68.  doi:10.1371/journal.pbio.0020068. ISSN 1545-7885. PMID 15024418. PMC PMC368163. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  16. (Ingelesez) Brinkman, Fiona S. L.; Blanchard, Jeffrey L.; Cherkasov, Artem; Av-Gay, Yossef; Brunham, Robert C.; Fernandez, Rachel C.; Finlay, B. Brett; Otto, Sarah P. et al.. (2002-08-01). «Evidence That Plant-Like Genes in Chlamydia Species Reflect an Ancestral Relationship between Chlamydiaceae, Cyanobacteria, and the Chloroplast» Genome Research 12 (8): 1159–1167.  doi:10.1101/gr.341802. ISSN 1088-9051. PMID 12176923. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  17. (Ingelesez) Golding, G. B.; Gupta, R. S.. (1995-01-01). «Protein-based phylogenies support a chimeric origin for the eukaryotic genome.» Molecular Biology and Evolution 12 (1): 1–6.  doi:10.1093/oxfordjournals.molbev.a040178. ISSN 0737-4038. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  18. (Ingelesez) Allen, John F.. (2015-05-18). «Why chloroplasts and mitochondria retain their own genomes and genetic systems: Colocation for redox regulation of gene expression» Proceedings of the National Academy of Sciences: 201500012.  doi:10.1073/pnas.1500012112. ISSN 0027-8424. PMID 26286985. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  19. (Ingelesez) «A new fungal phylum, the Glomeromycota: phylogeny and evolution» Mycological Research 105 (12): 1413–1421. 2001-12-01  doi:10.1017/S0953756201005196. ISSN 0953-7562. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  20. (Ingelesez) Danforth, Bryan N.; Ascher, J.. (1999-01-08). «Flowers and Insect Evolution» Science 283 (5399): 143–143.  doi:10.1126/science.283.5399.143a. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  21. 1936-, Hölldobler, Bert,. (1990). The ants. Belknap Press of Harvard University Press ISBN 0674040759. PMC 19325464. (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  22. Acacia Tree Ants Video -- National Geographic. 2007-11-07 (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]