Edukira joan

Stratford (Londres)

Koordenatuak: 51°32′32″N 0°00′09″W / 51.5423°N 0.0026°W / 51.5423; -0.0026
Wikipedia, Entziklopedia askea
Stratford
herria
Administrazioa
Estatu burujabe Erresuma Batua
Herrialdea Ingalaterra
Ingalaterrako eskualdeaLondresko eskualdea
Ingalaterrako konderri zeremonialaLondres Handia
Londresen banaketa administratiboaNewham
Posta kodeaE15 eta E20
Geografia
Koordenatuak51°32′32″N 0°00′09″W / 51.5423°N 0.0026°W / 51.5423; -0.0026
Map
MugakideakLeyton
Demografia
Biztanleria51.387 (2011)
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia020
Ordu eremuaUTC±00:00
Hizkuntza ofizialaingeles

Stratford Londres ekialdeko herri edo toki bat da, Newham udal-barrutian kokatutakoa. Bertan egin dira batez ere 2012ko Olinpiar Jokoak eta horretarako lan handiak egin ziren Stratfordeko Geltokiaz mendebaldeko lur-eremuan, Lea ibaiaren ingurunea erabat berritxuratuz. Stratfordek eta West Hamek 37,883 biztanle dituzte (2008), Newham barrutiaren %13,54. Biztanle-tarte handiena, berriz, 29-39 urte artekoek osatzen dute.[1] Bereizgarritzat du talde etniko askoren bilgune izatea (ikus behean).

Stratford "street" eta "ford" hitzek osatzen dute, alegia, 'kale/galtzara' eta 'ibi', Lea ibaiari erreferentzia egiten diola; izan ere, Londres eta Colchester ekialdeko kostaldeko hiria lotzen zituen galtzaran kokatzen zen. 1135. urtean Stratfordeko Andramariren Abadia agertzen da aipatuta, botere nabarmeneko Zistertar Ordenakoa: bereak zituen 6,1 km2 lur ingurunean. Egun, ez da eraikin horren aztarnarik geratzen ordea.

1839n burdinbidea bertara heldu arte (Eastern Counties Railway linea), Stratfordeko ingurunea soro zabalek baizik ez zuten osatzen, Essexeko Konderrian kokatuta. Industrializazioak gogor jo zuen herria, eta ez onerako bereziki, kutsadura-maila oso kaltegarrietara heldu baitzen (industria kimikoa oso errotu zen bertan). Burdinbide- eta tren-industria ere sustraitu egin zen bertan George Hudsonen zuzendaritzapean, eta arlo horretako lantegiak lanean hasi ziren: 6.000 langile aritu ziren fabrika horietan. Inguruneari "Rails Land" deitura ere eman zioten jarduera hori dela eta. 1850ean, industria-eskualde bilakatuta, Plaistow, Stratford, Upton, Canning Town and Forest Gatek bat egin zuten, eta West Ham eratu: orduko Erresuma Batuko 8. hiri handiena, biztanleria ere nabarmen hazten ari baitzen.

Bigarren Mundu Gerrak gogor jo zuen Stratford, Londres ekialde osoa bezala, eta 1939n herria hustua izan zen, alemaniarren bonbardaketetatik aterpe hartzeko. Gerra bukatzerako, 1.700 pertsona gertatu ziren hilak, gordelekuei esker askok bizitza salbatu zuten arren. Gerraren ondoren, herria berreraikia izan zen, baina luze gabe Kaialdearen (Docklands) gainbehera eta ekonomiaren beheraldia etorri ziren. Bestalde, 1965eko Londresen berregituraketa dela eta, Stratford Londresko Newham udal-barruti berrian geratu zen sartuta (West Ham eta East Hamen bategitea). 60ko hamarkadan herria eraberritua izan zen, eta egungo Merkataritza Gunea sortu. 1990eko hamarkadan, berriz, Stratfordeko Tren eta Bus Geltoki modernoa eraiki zuten, gaurdaino.

Tokiaren egitura eta gune garrantzitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Stratfordeko Geltoki Nagusia

Herria Greenwich Meridianoaren marran dago, hori gogorarazten du ere gauero udal-barruti horretako Behatokitik ateratzen den eta zerua zeharkatzen duen laser-izpi berdeak. Tokiaren muina Merkataritza Gunea da Shopping Centre): Tren eta Bus Geltokiaz bestaldean ekialdera dago, eta bus eta metro-trenetatik datorren jende samaldaren pasabidea da. Gizarte-bizitzaren zati handi bat ere bertan gertatzen da. Hala ere, 2012z geroztik irekitako puntako saltoki eta jatetxeen Westfield konplexuak nagusitasuna kendu dio.

Merkataritza Gunearen ekialdeko sarreraz kanpo kale nagusia dago, the Broadway deitutakoa. The Broadwayk Londres erdialdera doan High Street - Bow Road - Mile End - Whitechapel - Aldgate ardatzarekin bat egiten du.

Erreferentziazko beste toki batzuk:

  • Discover: herriko jolas-parke didaktiko erdi-publikoa.
  • Stratford Rex: herriko zinema-aretoa izandakoa, egun kontzertu-aretoa.
  • Theatre Royal Stratford East: antzoki dotorea.
  • University of East London (UEL): Unibertsitateak campus garrantzitsu bat dauka herrian.

Stratfordeko biztanleria oso anitza da, eta nazioarteko etorkinen historia luzea du. Honako banaketa du biztanleek emandako erantzunen arabera (Stratford&West Ham, 2001): zuriak %32,7; beste zuriak %4,6; nahastuak %3,4; asiarrak eta britaniar asiarrak %34,1; beltzak edo britaniar beltzak %22,3; txinarrak edo beste talde etniko bat %3,3. Erlijioak (Stratford&West Ham, 2001): kristauak %56,0; budistak %0,7; hinduak %3,5; juduak %0,3; musulmanak %16,3; sijak %1,0; beste erlijio batzuk %0,4; erlijiorik ez %11,8; erlijioa zehaztu nahi ez %10,0.[1]

Gerra arteko garaian, ordurako, atzerriko etorkin ugari hasi ziren tokira bertaratzen. Istiluak ere izan ziren Karibetik eta Asiatik batez ere zetozen pertsonei gogor egiten zien jendeak eraginda. Geroztik etorkin langileen harrera-gune izan da Stratford, Londresko East End osoa bezala bestalde. Aniztasun handia dauka tokiak eta Saharaz beheko afrikarren, pakistandar eta bangladeshtarren eta poloniarren (azken urteetako joera azken hori) finkaleku bihurtu da bereziki; maiz Erresuma Batuaren kolonia izandakoetatik bertaratutako taldeak dira.

Komunikabideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stratford Londres ekialdeko komunikazio-lotura estrategikoa da. Bertan tren- eta metro-bagoien biltegi bat egoteaz gain, Stratfordek lotura zuzena du Londres Erdialdearen ekialdeko Liverpool Street Geltokiarekin National Railen tren-linearen bidez; Stratfordetik igarotzen da, halaber, Central Line metro-linea garrantzitsua; Kaialdeko DLR zerbitzuak (Docklands Light Railwayk) terminala du bertan; hainbat bus-linea bertatik irteten edo igarotzen dira, Londresko Oxfordera doan 25 zenbakikoa barnean dela; National Express bus-konpainiak zuzeneko joan-etorria egiten du ordu erdiro geltokitik Standstedeko Aireportura.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Community Leaders and Engagement. (Noiz kontsultatua: 17 September 2013).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]