Mediar Gerrak Antzinako Greziako hiri batzuen eta perssiarren Akemenestar Inperioaren arteko gatazka izan ziren. K.a. 499. urtetik K.a. 448. urtera iraun zuten.
Persiarrek bi aldiz inbaditu zuten Grezia (K.a. 490 eta K.a. 480-479), eta greziar hiri batzuk aurre egin zieten, garaipena lortuz.
K.a. 500 inguruan, Persiak inperio handi bat zuen, gaur egun Iran dagoen lekuan.
Persiarrek antzinako greziar hiri batzuk konkistatu zituzten, hiri-estatuak deituak eta Mediterraneo ekialdean zehar zeudenak. K.a. 499 inguruan, hiri-estatu horiek agintari persiarren kontra jaiki ziren. Matxinada horrekin hasi ziren Mediar Gerrak, greziarren eta persiarren arteko gudu sail luze bat.
Matxinadan zehar, Atenasek 20 itsasontzi bidali zituen greziar matxinoei laguntzeko. Atenas greziar hiri-estatu kontinental boteretsu bat zen. Ordea, atenastarren laguntza izan arren, matxinoek persiarren kontra galdu egin zuten.
Persiarrek zin egin zuten Atenasez mendekatuko zirela matxinadan parte hartzeagatik. K.a. 490ean, persiar armada batek Grezia kontinentala inbaditu zuen. Atenastarrek persiarrei aurre egin zieten Atenastik 40 kilometro ingurura zegoen Maraton ordokiko guduan. Nahiz eta persiarrak baino gutxiago izan, atenastarrek gogor garaitu zituzten.
10 urte geroago, persiarrek buelta egin zuten. Une hartan, haien gudarostea eta itsas armada oso handiak eta boteretsuak ziren. Hainbat gudu izan zituzten. Azkenean, K.a. 480an, greziarrek persiarrak garaitu zituzten itsas gudu handi batean, Salaminako itsasartean (Salaminako itsasartea Atenastik mendebaldera, kilometro gutxi batzuetara dagoen ur-beso estu bat da). Hurrengo urtean ere, greziarrek berriz irabazi zuten.
Hurrengo 30 urteetan ere beste hainbat gudu txiki egin zituzten, baina persiarrek ez zituzten sekula gehiago menderatu greziarrak. K.a. 449an, greziarrek eta persiarrek behin betiko bake hitzarmen bat adostu zuten.