Vasili Xulgin
Vasili Xulgin | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Kiev, 1878ko urtarrilaren 1a (juliotar egutegia) | ||
Herrialdea | Errusiar Inperioa | ||
Lehen hizkuntza | errusiera | ||
Heriotza | Vladimir, 1976ko otsailaren 15a (98 urte) | ||
Hobiratze lekua | Vladimir | ||
Familia | |||
Aita | Vitaly Shulgin | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Faculty of Law of Taras Shevchenko National University of Kyiv (en) | ||
Hizkuntzak | errusiera | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria, public figure (en) eta iritzi-kazetaria | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Eliza ortodoxoa | ||
Alderdi politikoa | All-Russian National Union (en) | ||
Vasili Vitalievitx Xulgin (errusieraz: Васи́лий Вита́льевич Шульги́н, ukraineraz: Васи́ль Віта́лійович Шульгі́н, translit.: Vasil Vitalijovitx Xulhin; Kiev, Errusiar Inperioa, 1878ko urtarrilaren 13agreg./urtarrilaren 1ajul. - Vladimir, Errusiako Errepublika Sobietarra, SESB, 1976ko otsailaren 15a) Ukrainan jaiotako errusiar identifikazioko politikari, filosofo eta kazetari kontserbakorra izan zen.
Gaztaroa eta politikan sartzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kieven jaio zen, intelektual ezagunen familia batean, bere familia Kievlianin (“Kievtarra”) egunkariaren jabe zen, eta Xulgin egunkari horri lotu zitzaion (1905eko iraultzan), gero bere ideien bozeramaile egin zuelarik. Bere arabera, Unibertsitateko azken urteetan “antisemita, eta beraz kontserbakor, nazionalista, zuria; oraintxe naizen hau” egin zen. Gaztetan bere pentsamolde nazionalista, bere bizitza osoan izango zuena, xehatzen hasi zen. Aldi berean oso gizon jakintsua izan zen, hainbat hizkuntza zekizkielarik[1].
1905an, guda Errusiar-Japoniarra zela eta armadan sartu zen, baina ez zen borrokatzera iritsi. 1905ean Kieven ofizial bezala iraultzaren kontra borrokatu zuen, eta berak esaten zuenaren arabera, pogrom antisemita batzuk geldiarazi zituen. 1905ko iraultzaren ostean, Errusiar Nazio-Batasuna (SRN) eskuin muturreko alderdiaren kide egin zen, baina hortik gutxira utzi egin zuen bi arrazoirengatik: SRN monarkia absolutuaren aldekoa zelako, Xulginek monarkia absolutismora lotzea hain argi ikusten ez zuelarik; eta SRNren judu ororen aurkako bortizkeria antisemita zela eta, Xulginentzat hori gehiegikeria zelarik. 1908an, Kieveko Klub Nazionalista Errusiarra sortu zenean (errusiar ideiaren defentsa eta “Ukrainarzaletasunaren aurkako borroka” goiburu zituen erakunde “anitz eta apolitiko bat”), Xulgin bertako kide egin zen. 1908an Dumako diputatu aukeratu zuten. Duman Alderdi Nazionalistako kide egin zen (hau alderdia baino, 1908an sortutako hainbat talderen koalizioa zen, tartean Xulginen Kieveko Klub Nazionalista Errusiarrak osatutakoa, batez ere Inperioaren mendebaldeko eskualdeetan –Polonian, Bielorrusian, Ukrainan eta Lituanian- errotutakoa; bere programan erreforma liberal moderatuak eta eskualde horietan errusiar etnikoen defentsa –errusiartzea- bilbatzen zuten). Bere fakzioa Piotr Stolipin lehen ministroaren defendatzaile nagusia izan zen, eta oktubrista liberal-kontserbakorrekin kolaboratu zuen. Stolipinek Xulginengan izan zuen eragina hain handia izan zen, ezen Xulginek “abizenik gabeko monarkismotik” “monarkismo konstituzionalera” eboluzionatu zuen (Xulginentzat monarkia bigarren mailako arazoa zen “Errusiarentzat Gobernu indartsu bat” izatearen ondoan)[1].
Lehen Mundu Gudak, liberalismora are gehiago mugitzea ekarri zuen, adibidez 1913an akusazio faltsuen bidez eraikitako “Beilis kasu” antisemitaren kontra gogor jo zuen. (Xulginen ustez, liberalen abertzaletasuna monarkiko tradizionalistena baino eraginkorragoa zen, batez ere guda irabazteko) eta bere antisemitismoa moderatu zuen (berak zionez: “aurreko hamarkadan juduek iraultzaren eta Errusiaren suntsiketaren alde egiten zuten, beraz ni antisemita nintzen. Guda honetan juduak abertzaletasunaren buruan jarri dira, beraz ni filosemita naiz orain”. Hala ere, Urriko Iraultzaren eta Guda Zibilaren urteetan berriz antisemitismo gogorrari lotu zitzaion). Xulginek Lehen Mundu Gudan armadan izena eman zuen, baina 1915ean, zaurituta, desmobilizatu egin zuten. Duman bueltan, beste liberal zein liberal-kontserbakorrekin (Miliukov eta Gutxkov, adibidez) fronte konstituzionalista bat eratu zuen[1].
Ukrainaren arazoaren gaineko ikuspegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xulginen ustez, Errusiaren nazio-arazorik erabakigarrietan Ukrainakoa, edo berak esaten zuen moduan “Malorossijakoa” (Errusia Ttipikoa) zen. Xulginek ez zuen onartzen ukrainar herririk zegoenik, eta berak bere buruari beti errusiar-ttipi edo “maloros” deitzen zion (“Ukraina” edo “ukrainar” idatzi behar zuenean, beti komatxoen artean idazten zuen). Xulginen ustez ez zegoen ukrainera hizkuntzarik, bere ustez, “errusiar-ttipien hizkera” errusieraren aldaera bat zen, eta “ukrainera deitutakoa”, Galitziako hizkuntza, “Malorossijan inposatu nahi dutena”. Beraz zioenez, ukrainartasuna eta ukrainar nazioa “kanpoko potentziek” (Poloniak eta Austria-Hungariak) bultzatzen zuten Errusia ahultzeko. Xulginen arazo honen gaineko esaldirik famatuenetako bat “Ukrainarrak ez dira nazio bat, alderdi politiko bat baino” izan zen. Xulginek gainera, “antisemitismo politiko” bat publizitatu zuen, hau da, “judu zirkulu politikoen” ideien eta ustezko nagusitasunaren kontra aritu zen, baina antisemita askok ez bezala, ez zituen judu denak izate hutsagatik erruduntzat jotzen, eta juduen kontrako bortizkeria fisikoa gaitzesten zuen[1].
Otsaileko Iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin-behineko Gobernua eta tsarraren abdikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otsaileko egunetan nolabaiteko protagonismoa izan zuen Xulginek. Ez omen zen oso pozik iraultzarekin, baina momentu horretan “saihestezin” eta “gaitzerdi” bezala ikusi zuela diote historiagile batzuek. Dumako Kideen Behin-behineko Komiteko kide izan zen, eta lekukotzen arabera, bera izan zen Gobernu tsaristak dimisioa eman ostean Rodzianko boterea hartzeaz konbentzitu zuena (“Agintariek boterea utzi badute, norbaitek hartu beharko ditu haien postuak” esan omen zion Rodziankori). Egun horietan Xulginek monarkia konstituzionalaren alde egin zuen, errepublikaren alde egin ordez, hala ere bazekien monarkiaren etorkizuna Nikolai IIren abdikaziotik eta beste tsar bat izendatzetik pasatzen zela. Xulginek gainera otsailaren 28an herriak Peio eta Paulo Gotorlekuko kartzela “bortizkeriarik gabe” aska zezaten “bitartekaritza lana” egin zuen, eta martxoaren 2an, Gutxkovekin batera Dumako ordezkari gisa, tsarrarengana joan zen abdikatzeko konbentzitzera (ez zen oso baliagarria izan, izan ere, tsarrak bere erabakia hartua zuen, hala ere, tsarraren abdikazioaren lekuko izan zen. Xulgin hara joatea, monarkiko erradikalek traizio moduan ikusi zuten). Martxoaren 1ean Dumako Kideen Komitearen eta Sobietaren arteko negoziaketen ondoren sortutako Behin-behineko Gobernuan sartzeari uko egin zion, baina hala ere Gobernu hori babestu zuen, eta Sobietaz autonomo izateko gomendatu zion[1].
Ukrainaren autonomiaren aurka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekainean Kieveko Udal-Dumarako hauteskundeetan aurkeztu zen “Alderdirik Gabeko Errusiar Zerrenda” deituriko hautagaitza nazionalista batekin, eta hirugarren geratu zen, botoen %14 lortuta. Uztailean, Xulginen Gobernuaren aldeko babesa uztailean murriztu egin zen, Gobernuak Ukrainaren autonomia onartzea erabaki zuenean, Xulgin errusiar nazionalista kievtarrak ezin zuen halako autonomia zabalik onartu; are gutxiago “Errusia Ttipia” izenaren pe baino “Ukraina” izenaren pe bazen. Garai horretan Kievlianin egunkariak berak idatzitako manifestu bat: “Hego Errusiaren derrigorrezko ukrainartzearen kontra” atera zuen, autonomia hori, “Asanblada Konstituziogileak erabaki gabe” ilegala zela argudiatuz (30 hamarkadan “Errusia Ttipiari” nolabaiteko autonomia ematearen alde agertu zen, baina soilik izen horrekin balitz). Momentu honetan beste esaldi adierazgarri bat bere ahotan jarri zuten: “Hobe Errusia Ttipia politikoki independentea baina izaeraz errusiarra, Errusiar Inperioaren barneko Ukraina autonomo izaera ez-errusiarduna baino”. Abuztuan, Moskuko Estatu-Konferentzian diktadura militarraren eta diziplinaren alde hitz egin zuen, Kornilovekin bat eginez[1].
Urriko Iraultza eta Guda Zibila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urriko Iraultza begi txarrez hartu zuen, eta gertatu eta berehala, 1917 bukaeran, Don Eskualdera joan zen Armada Zurian izena ematera, baina Alekseiev jeneralak Kieven errekrutatze lanak egiten baliagarriagoa izango zela uste izan zuen (Xulginen kontaktuak baliatu nahi zituen). Guda Zibilean zehar Armada Zuriaren ideologoetako bat izan zen, berriz ere monarkia konstituzionalaren alde eginez (Kievlianin ateratzen jarraitu zuen, eta geroago Errusia Ttipia aldizkaria atera zuen), eta Asanblada Konstituziogilerako aurkeztu zen, baina ez zen aukeratua izan (bere “Errusiar Zerrendak” Kieveko hirian emaitza oso onak izan zituen, baina barrutiko landagunean oso txarrak). Hala ere, Kieven Ukrainar Errepublika Nazionala aldarrikatu zenean Xulginek hura gaitzetsi bazuen ere (“Kieven ukrainar okupazioa, austriar okupazioa dena” deitu zuen), Radarako aukeratua izatea lortu zuen. Xulginek Kieven alemaniarrak sartzea eta Skoropadski izendatzea ere gaitzetsi zuen, alemaniar okupazioaren protestan, Kievlianin itxi zuen. Horrez gain, inteligentzia lanak ere egin zituen: 1918an zehar “Azbuka” (Alfabetoa) zurien inteligentzia eta propaganda erakundearen buru izan zen; Ukrainan eta Errusian zehar zabaltzen zen inteligentzia erakunde hau Xulginek Kievetik zuzentzen zuen bertan alemaniarren peko nazionalista ukrainarrek agintzen zutelarik (Skoropadskiren administrazioarekin izandako harremanak oso txarrak izan ziren beti). Hiriaren eta bertako militarren gaineko informazioa pasatzen zion Armada Zuriaren koartel nagusiari. Horrez gain, frantziar zein britainiar agenteekin interbentzio bat antolatzeko negoziazioetan ibili zen. 1918-1919 neguan, ukrainar politikariekin zituen harreman txarrak medio, Kubanera joan zen, Armada Zuriarekin lan egitera. 1919an frantziar armadak Odessan egin zuen interbentzio baten ostean, hiri horretara joan zen, eta zuriek Kiev okupatu ostean berriz bere jaioterrira, inteligentzia lanekin jarraitzera; baina 1919an Kiev boltxebikeek askatu ostean, Xulgin Odessara bueltatu behar izan zen, eta 1920an Odessa askatzerakoan eta Errumanian sartu ezinik, Krimeara, zurien azken gotorlekura joan zen. Baina hilabeteak pasatu ahala, mugimendu zuriarekiko geroz eta kritikoagoa egin zen, Xulginen ustez honek jada desagertutako ordena eta hierarkia, herriak ukatutakoak berrezartzen saiatzera mugatu baitzen. Xulginen ustez “kontrairaultzak ez zuen izen berri bat ere ez ekoitzi”. Bere ustez, zurien akatsetako bat, Piotr Wrangel jenerala lehenago armadaburu ez izendatzea izan zen[2].
Erbestean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuriek guda galdu ostean, erbestera egin zuen, Polonian, Frantzian eta Jugoslavian bizi zelarik (azken honetan, Belgraden, Dubrovniken eta Sremski Karlovcin bizi zen). Xulgin, Wrangelek osatutako Errusiar Militar Guztien Batasuna erakundean (erbesteko Armada Zuri bat izan nahi zuen erakundea) sartu zen. 1925-26 urteen artean, sekretuki Errusia Sobietarrera bidai bat egin zuen eta bere inpresioei buruzko Hiru hiri liburua idatzi zuen, gerora jakin zen arabera, bidai hori bera konturatu gabe, sobietar inteligentzia zerbitzuek prestatu zuten (pasaporte faltsutik hasita, bere Hiru hiri liburuaren “zuzenketatik” eta Errusia barnean topatu zituen agente “zurietan” bukatuta, dena GPUk orkestratutakoa izan zen), jakin bazekitelako Xulgin ez zela Errusia Sobietarraren oso kontrakoa izango eta komunitate zurian eragina izan zezakeelako (liburu horretan, gorrien kontrako eraso ideologiko ohikoez gain, analisi konkretuari dagokionean, Xulginek NEP politika modu positiboan deskribatzen zuen). Liburu hori argitaratzeak erbesteko zirkulu zurien barruan Xulginen egoera okertu egin zuen, eta politika aktibotik erretiroa hartu zuen. (Xulginek 60ko hamarkadan topatu zuen bidai horren operazioaren burua SESBn, eta honek kontatu zion moduan “iraganean, batez ere 1913ko Beilis kasuaren manipulazio antisemita salatu zuenetik –Xulgin tradizio ideologiko antisemitakoa izanda- Xulginek printzipiodun eta ondra handiko gizon itxura eman zuen; beraz argi geneukan SESBn ikusi zuena, bere aurreiritzi ideologikoak gora-behera, kontatuko zuela, gezurrik gabe”)[1].
Emigrazioan, bere ikuskerak oso gorabeheratsuak izan ziren. Momenturen batean, boltxebismoari hurbiltzea adierazi zion “Errusiar Estatua eta Errusiar armada” ordezkatzen zutelako (errusiar emigrazioaren sektore batek halako ikuskerak erakutsi zituen), baina bere 1939ko Ukrainarrak eta gu liburuan ukrainar nazioa aintzatestearren deitoratu zituen. 20ko hamarkada bukaeran faxismorantz biratu zen “sistema egoki” bat zela pentsatzen zuelarik[1].
Bigarren Mundu Guda Jugoslavian eman zuen. Ez dago oso argi zein posizio izan zuen, izan ere, 30eko hamarkadan Hitlerrek “kausa zuria” bere egin eta Errusian boltxebikeak botako zituenaren inguruan itxaropentsu zegoen (errusiar emigrazioko hainbat intelektual moduan), baina momentu batean nazismoa gaitzestera pasa zen (hainbeste, ezen herrialde neutral batetara joateko salbokonduktoa lortu ziotenean, Xulginek erabiltzeari uko egin zion, “Heil Hitler!” sinatzea beharrezkoa zelako eta nahi ez zuelako). 1944an Sobietar Armada Gorriak atxilotu zuen, eta Sobietar Batasunera eraman zuen, han 1945ean 25 urteko presoaldi-zigorra jarri ziotelarik[1].
Azken urteak SESBn
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1956an kartzelatik atera zen, 11 urte bete ostean. 50eko hamarkadan kartzelatik ateratzerakoan, Sobietar Batasuna babestera pasa zen, ildo “patriotikoari” jarriki (“dagoen Gobernua egon da ere, beti Errusiarekin” bezala laburbildu genezakeen posizioa, SESBren nazioarteko eragin geroz eta handiagoak errazago justifikatzen zuena). Aske geratzerakoan liburu gehiago idatzi zituen SESBko bizitza eta eboluzioa deskribatuz (Leninen esperientzia) eta memoriak idatziz, eta 1961.eko Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XII Biltzar Nagusian gonbidatua izan zen, eta antza denez Alderdi Komunistaren kide izateko gonbita jaso zuen Khrustxeven aldetik. Halere, Khrustxevek kargua galtzerakoan, halako “liberalizazioa” gelditu eta Xulgin bezalako figurei forua emateari utzi zion Alderdi Komunistak (nahiz eta 1965an bere autobiografia filmatu, Historiaren epaiaren aurrean). 1976an hil zen, 98 urte zituela[1].
Bitxikeriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Xulgin barazki-jalea zen, agian Errusian lehenetako bat izan zen bizitza-filosofia horri eusten.
- Xulginek erbestea ez zuen beste Estatu batetako herritartasunik hartu, eta SESBn herritartasun sobietarra ere ez, “Errusiar Inperioko herritarra” izaten jarraitu nahi zuelako.
- 1917ko maiatzean, politika eskuindar bat zenean, Leninekin korrespondentzia pribatua izan zuen. Oso etsai gutxirekin izan zuen Leninek korrespondentzia pribatua.
- Errusiar nazionalista antiukrainar honen iloba, Oleksandr Xulhin, ukrainar nazionalista zen, garrantzitsuenetakoa gainera. 1917 eta 1918 artean Ukrainako autonomiaren eta Ukrainako Errepublika Nazionalaren Kanpo Arazoetarako ministro izan zen, 1918ko uztailetik abendura Bulgarian enbaxadore eta geroago Ukrainako Errepublika Nazionalaren erbesteko Gobernuko Kanpo Arazoetarako arduradun. 1939ko Ukrainarrak eta gu liburuxkan, Xulginek Xulhin oso gogor kritikatzen du)[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1878ko jaiotzak
- 1976ko heriotzak
- Errusiar nazionalistak
- Errusiako monarkikoak
- Errusiako Iraultzako biografiak
- Errusiako politikariak
- Ukrainako politikariak
- Errusiako kazetariak
- Ukrainako kazetariak
- Errusiako idazleak
- Ukrainako idazleak
- Errusiako militarrak
- Errusiako Gerra Zibileko militarrak
- Errusiako antikomunistak
- Ukrainako antikomunistak