Edukira joan

White Anglo-Saxon Protestant

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manhattango Upper East Side auzoa, tradizionalki WASP familien eskuetan izan dena.[1][2]
Artikulu hau akronimoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Wasp».

WASP (White, Anglo-Saxon and Protestant) «zuri, anglosaxoi eta protestante» ingelesezko akronimoa da. Berez, termino informala da, gizarte estatus handiko estatubatuarren, britainiarren ondorengoen eta historikoki Estatu Batuetan botere sozial eta ekonomikoa izan duten erlijio protestanteko talde sozial itxi baten deskriptiboa. Balio tradizionalak defendatzen dituzten eta bereaz kanpoko edozein etnia, nazionalitate edo kulturaren eragina baztertzen duten estatubatuar zuriekin lotzen da. Estatubatuar zuri protestanteak izendatzeko erabiltzen dute, juduak, katolikoak, beltzak, asiarrak, eslaviarrak, amerindiarrak, ijitoak, italiarrak, turkiarrak eta hispanoak alde batera utzita. Australian eta Kanadan terminoa antzeko esanahiarekin erabiltzen dute.

Estatu Batuetan boterearekin duen lotura, besteak beste, Big Threerekin, hau da, Harvard, Yale eta Princeton unibertsitateekin, duen harreman estuagatik batez ere, baina baita Ivy Leaguerekin ere, oro har, txikituz joan da azken ehun urteetan.[3] Horrela, Jerome Karabel Kaliforniako Unibertsitateko soziologiako katedradunaren arabera, Franklin D. Rooseveltek Harvarden ikasten zuenean bertoko ikasleen %85 WASP ziren, baina 2000. urtean %20 baino ez ziren.[3] 1950eko hamarkadan, klase sozial hori bizitza politikoan, akademikoan eta militarrean, baita enpresa-munduan ere, oraindik nagusia zen.[4] Hala ere, Depresio Handiak eta Bigarren Mundu Gerrak meritokraziaren abantailak erakutsi zituzten, eta Roosevelt izan zen, hain zuzen ere, bere administraziorako beste gizarte-talde batzuetatik zetozen pertsonen artean kargu-izendapen gehien egin zituena: Estatu Batuetako aurreko presidente guztiek batera baino gehiago.[4]

John F. Kennedy AEBetako presidentea, katolikoa eta irlandar jatorrikoa (hau da, zelta eta ez anglosaxoia), WASP bat ez zen herrialdeko lehen presidentea izan zen.[4] 2012an, bere historian lehen aldiz, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak ez zuen erlijio protestanteko epailerik izan, nahiz eta bere kide guztiek Harvarden ikasi, Barack Obama herrialdeko lehen presidente beltza bezala (protestantea ere badena), edo Yalen.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Frantsesez) Auzias, Dominique; Labourdette, Jean-Paul. (2015). New York 2015 Petit Futé (avec cartes, photos + avis des lecteurs). , 133 or. ISBN 978-2-7469-8244-4..
  2. (Ingelesez) Calhoun, Craig J.; Light, Donald; Keller, Suzanne. (1997). Sociology. McGraw-Hill, 178 or. ISBN 978-0-0703-8069-1..
  3. a b (Ingelesez) Karabel, Jerome. (2005/09/04). «The Chosen Few» The Boston Globe.
  4. a b c d (Ingelesez) Greenblatt, Alan. (2012/09/17). «The End Of WASP-Dominated Politics» NPR.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Soziologia Artikulu hau soziologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.