Zestoako bainuetxea
Zestoako bainuetxea | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Zestoa |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1804 |
Zestoako bainuetxea Zestoan (Gipuzkoan) dagoen bainuetxe historikoa da, 1804an inauguratua Urola ibaiaren ertzean. Euskal Herriko zaharrena da, eta gaur egun ere martxan dago. Bainuetxeaz gain, hotela eta lorategiak ere baditu, eta garai batean tren geltokia.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1760an aurkitu omen zuen Donemiliagako Markesaren txakurrak. Hazteriak jota egonda, ur beroko putzuetan sartu eta osatu zen.
- 1792an "herriko onuragarri"tzat jo zuten "gezalaga" deitutako leku hau.
- 1804an zabaldu zuten bainuetxea, Euskal Herriko lehen ekintza turistikotzat har daitekeena.
- 1893an "Hotel Nagusia" eraikin dotorea zabaldu zuten bainuetxearen ondoan. 1908an "Hotel Arocena" eraiki zuten, eta tren geltokia 1924-1925ean.[1]
- 1983ko uholdeek eraikinak kaltetu ondoren, zaharberritzeko lanei ekin zieten.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zestoako urak nazioartean aitortuak dira haien ezaugarri minero-medizinalengatik. Ur mineralak bi iturburutik jasotzen dira:
- San Inazio iturburua
- Andre Maria Jaiokundearen iturburua
San Inazio iturburukoak ur kloruratu sulfatatu sodikoak dira, mineralizazio handiakoak, bereziki egokiak direnak gibeleko eta behazuneko gaixotasunak tratatzeko. Andre Mariaren Jaiokundeko iturburukoak ur kloruratu sulfatatu hipotermalak dira, interes handikoak ur diuretiko gisa gernu-aparatuaren hainbat asaldu tratatzeko[2].
Ur hauek onura ugari izan ditzakete:
- Lokomozio-aparatua: urak gatz ugarikoak direnez, ezin hobeak dira kirol-lesioak berreskuratzeko prozesuetarako eta alterazio erreumatologikoak prebenitzeko.
- Digestio-aparatua: hesteetako igarotze-arazoei aurre egiten diete, hala nola idorreriari, gibeleko eta behazun-besikulako alterazioei.
- Giltzurrunetakoak: giltzurruneko litiasiak tratatzeko sendaketa dietetikoak eta iraitz-sistemaren beste alterazio batzuk.
- Dermatologikoak: dermatitisari eta larruazaleko beste alterazio batzuei aurre egiten die, hala nola psoriasiari, eta berriro ez agertzeko uraren ondorioei esker[3].
Egun, jatorrizko bainuetxeaz gain, ondoan 1893an ireki zuten Hotel Nagusia dago. 1983ko uholdeen ostean, Zestoako bainuetxeak zerbitzuak eta instalazioak zaharberritu eta hidroterapia teknikarik berrienak jarri zituzten martxan, Europako bainuetxerik ezagunenen mailara iritsiz[4].
130 gela, jantoki handi bat, antzokia, ehiza jangela, arabiar jantokia eta batzar areto handi bat ditu egun. Lorategi ederrez inguratuta dago.
-
Antzinako ikuspegi orokorra
-
Areto arabiarra
-
Antzinako tren geltokia
Tren geltokia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zestoako bainuetxeko geltokia, trenbide guztia bezala, 1926ko otsailaren 22an inauguratu zen. Beste geltokiak bezala, Ramon Kortazar arkitektoak eraiki zuen, euskal estiloko arkitekturan, neo-barroko azpiestiloan.
Oinplanoa laukizuzena da, eta bi solairu ditu, lau isuriko teilatuarekin. Fatxadak harlanduzkoak eta luzitu zurikoak dira. Behe solairuko baoak arkudunak dira eta lehen solairukoak leihoburudunak. Geltokiaren izena hiru fatxadatan ageri da eta nasa aldean armarri batentzako hutsunea du. Baina ezaugarri nabarmenena eskantzu gaineko pinakuluak dira, ertz banatan, ohikoa denez euskal neo-barrokoan. Gainera, hurbil dagoen Lili jauregiko pinakuluak gogorazten ditu.
-
Ikuspegi orokorra (2024)
-
Seinalea
-
Fatxada nagusia
1986ko udazkenean bukatu zen haren ustiapena, eta 1988ko otsailaren 2an itxi zen behin betiko. Orduan trenbideak eta katenaria desmuntatu zituzten. Egun, erabilera gabe dago, baoak (ate-leihoak) hormatuak, baina kanpoko egoera onean.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Zestoa Auñamendi entziklopedian.
- ↑ Zestoako turismo webgunea (noiz kontsultatua: 2024-11-02)
- ↑ (Gaztelaniaz) Fernández La Blanca, Javier; Gallego Márquez, Luis Miguel; García Serrano, Javier. (2014). Patrimonio histórico español del juego y del deporte: el balneario de Cestona. (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
- ↑ Zestoako bainuetxea. Eusko Jaurlaritza (Noiz kontsultatua: 2024-11-01).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz)(Ingelesez)Zestoako bainuetxearen webgunea