Edukira joan

Iruñeko katedrala

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 42°49′11″N 1°38′27″W / 42.819768°N 1.640812°W / 42.819768; -1.640812
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lainobeltz (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 14:26, 3 abendua 2023
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Iruñeko Andre Maria Erreginaren katedrala
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kultura ondasuna
Nafar bidea Nafar bidea
Iruñeko Alde Zaharra
Andre Maria Erreginaren katedralaren fatxada.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaIruñea eta Nafarroa Garaia
Koordenatuak42°49′11″N 1°38′27″W / 42.819768°N 1.640812°W / 42.819768; -1.640812
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1394
Izenaren jatorriaMariaren Jasokunde
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaIruñea eta Tuterako artxidiozesia
IzenaMaria
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Arkitektura neoklasikoa
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia669-185
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
BICRI-51-0000755
185
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Iruñeko Andre Mariaren Jasokundearen katedrala[oh 1][1][2] XV. mendean Iruñeko Alde Zaharrean eraikitako katedral gotikoa da. Orube berean, lehenago, katedral erromaniko bat eta, ziur asko, erromatar kapitolioa ere egon ziren. Iruñeko eta Tuterako artxidiozesiaren egoitza da. Beste katedral batzuetan ohikoak diren eraikinak ditu, hala nola eliza, klaustroa eta sakristia; baina, horiez gain, baditu aletegia, jangela, kapitulu-gela eta logela ere. Azken horiek bere antzinako kabildoari lotutako eguneroko bizitzakoak dira, mendeetan zehar katedral gehienetan eraitsiak. Katedrala osatzen duten gelak, garai eta estilo bat baino gehiagotan eraiki ziren; gaur egun, zutik diraute gela erromaniko batzuk, baina, batez ere, gotiko estiloan eraikitakoak dira nagusi (horien artean, eliza eta klaustroa), XIV. mendetik XVI.era bitartekoak. Mendebaldeko fatxada, estilo neoklasikokoa, XVIII. mendearen amaieran eraiki zen.

Eraikin multzo horretan, nabarmentzekoak dira: klaustroa, Europako arte gotikoko onenen artekoa eta XIV. mendeko klaustrorik onena jotzen dena; sukaldea, Europa osoko sukalde gotikoaren hiru adibide bakarretako bat; eta, azkenik, fatxada nagusia, penintsulako neoklasizismoaren obrarik garbi eta adierazgarrienetako bat.

Iruñeko Alde Zaharreko lekurik garaiena den muino batean dago, Erdi Aroan Nabarreria zeritzon burgu historikoan.

Bere aurrealdean Nabarreria kalea, Kuria kalea eta Compañia kaleak bat egiten dute, alboan Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egoitza, San Jose plazatxoa eta Redin kalea daude, atzealdetik berriz Iruñeko harresiaz gain Barbazan Apezpikuaren ingurubidea du.

Katedralaren aurretik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo eraikinak eremu zabala hartzen du hiriko alde zaharrean, zehazki, Nabarreriaren goiko aldean. Iruñeko gune honetan aurkitu dira aztarna arkeologiko zaharrenak, Burdin Aroan datatuak. Toki honetan bertan, hiri erromatarraren gune nagusia zegoen, honen hondakin ugari aurkitu direlarik eraikinaren barnean eta kanpoan egindako indusketa arkeologiko ezberdinetan, tenpluak hartzen duen tokia, kardoaren eta dekumanoaren bidegurutzearekin bat zetorrela frogatzen dutenak, hiri erromatar ororen erdigune neuralgikoa irudikatzen zuten bi kaleak.

Iruñeko elizaren berri izan zen lehen aldia 589an izan zen, Toledoko hirugarren kontzilioan hiri horretako gotzaina aipatzen zen dokumentu batean[3]. Eta gotzain bat bazegoen, katedra bat izan behar zuen eta, beraz, katedral bat zegoen. Hala ere, toki horretan eliz eraikin baten existentziaren lehen froga fisikoa, eraikuntza erromanikoaren zimenduetan txertatua aurkitu zen, eta bere aurpegietako hiruk landutako kapitel bat da, IX. edo X. mendekoa, garai hartan eliza bat zegoela berretsiko lukeena.

924an, Abd al-Rahman III.ak eraitsi zuen eliz ospetsu bat zegoen (lehen aipatutako kapitela eliza horretakoa izango zena), Iruñeko kanpainaren barnean Nafarroa eraso zutenean. Antso Abarka erregeak (970-994) Iruñeko hiribildua eman zion Santa Mariari. Antso Nagusiak elizbarrutiko lehen tenplua berreraiki zuen, eta bultzada erabakigarria XII. mendean eman zen. 1086. urtean, Petri Rodezkoa apezpikuak kanonigo sekularren ordez kalonje erregularren komunitate finko bat jarri zuen, San Agustinen Arauaren arabera, honela, 1100 eta 1127 artean eraikitako estilo erromanikoko kabildoa sortu zuen[4]. Sagaratzea, 1127ko apirilaren 12an egin zuen Antso Larrosa gotzainak Alfontso I.a Nafarroakoa erregearen laguntzarekin[5].

Katedralaren eraikuntza faseak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Katedral erromanikoaren planta, gaur egungo katedralarekin alderatuta.

XIII. mendearen amaieran eta XIV.aren lehen erdian, gotiko estiloko klaustro berria eraiki zen, eta, XII. mendean zehar, eraikin gotiko batzuk eraiki ziren, Barbazana kapera eta jangela kasu. 1390ko uztailaren 1ean[6] katedral erromanikoa erori zen koruaren aldetik, fatxada eta burualdea ukitu gabe geratuz. Hainbat esku-hartze egin ziren hurrengo mendeetan multzo osoan, eta aipagarriena da fatxada erromanikoaren ordez neoklasikoa jarri zela XII. mendearen amaieran.

1100 eta 1127 artean katedral erromanikoa eraiki zen. 1276an Nabarreriako Gerra izan zen Iruñeko burguen artean. Nabarreria guztiz suntsituta geratu zen, eta ez zen etxe berririk eraiki hurrengo 50 urtean[7]. 1313an Luis I.a Nafarroakoak katedralari atxikitako kabildoko etxeak berreraikitzea baimendu zuen, gehienak gaur egungo San Jose plazan eta Dormitaleria kalean[7]. Berreraikuntza hasi zenean, gainera, Izurri Beltza iritsi zen Iruñera. Epidemia honek, Euskal Herrian, eragin nabarmena izan zuen[8][9], baita katedralean ere: 1348an ehun bat kanonigo zituen katedralak, eta erdia baino ez ziren bizi 1363an; 1372an hogeita hamarretik beste zortzi hil ziren eta bost hildako gehiago izan ziren 1378an[10]. Hala ere, urte horietan, Katedralaren kabildoak burgua berriro jendez betetzeko esfortzua egin zuen, higiezinen kudeaketa egiten[7].

Katedral erromanikoaren zatirik handiena 1390ean erori zen. Fatxadak eta burualdeak baino ez zuten zutik iraun[6]. Berria eraikitzeko lanak, ordea, berehala hasi eta XV. mende hasieran amaitu zuten. Klaustro berria 1290 eta 1350 artean eraiki zen. Klaustro gainekoa 1472an bukatu zuten. Barbazana kapera eta jangela, berriz, 1330ean. Sakristiak XVII. mendekoak dira. Gaur egungo fatxada 1784 eta 1802 artean eraiki zen, XVIII. mendera arte iraun zuen fatxada erromanikoa ordezkatzeko. Fatxada berria Ventura Rodríguez arkitektoaren diseinuari jarraikiz egin zen, estilo neoklasikoan, Santos Angel Otxandategi durangarraren obra-zuzendaritzapean.

Iruñeko katedralean, Erdi Aroko penintsulako arkitektura eta, oro har, arte- estilo bat baino gehiago biltzen dira. Alabaina, frantses eraginpeko gotikoa nagusitzen zaie gainerako estilo guztiei. Obrak herritarrek beren borondatez emandako diruarekin hasi ziren; Iruñeko apezpiku zen Arnaldo Barbazangoak eman zien jarraipena, eta evreuxtarrek bukatu zituzten.

Monumentu-multzo honen barnean hiru zati nagusi bereizi behar dira: katedralaren beraren nabea, klaustroa eta elementu osagarri edo apaingarriak. Katedralaren nabearen berreraikuntza 1394. urtean hasi zen, Karlos III.a Noblearen erregetzaren garaian. Ondoren, Martin Zalba prelatuak San Martinen kaperaren eta Ebanjelioaren aldeko nabearen bi zatiren eraikuntza ordaindu zuen. Lancelot apezpikuaren garaian, berriz, alde horretako gurutzaduraren zimenduak bota ziren. Antso Oteitzakoak, erregearekin erdi bana, Epistolaren nabea eraiki zuen. Eta erdiko nabearen obrak, Karlos III.a erregeak hasi zituenak, Blanka II.a erreginaren garaian amaitu ziren. Agaramontar eta beaumontarren arteko gerra zela-eta, obrak geldirik egon ziren, baina, ondoren, Joan Albretekoa erregeak jarraipena eman zien, eta Alessandro Cesarini Iruñeko artzapezpiku zela amaitu ziren erabat.

Eraikuntzaren ondoren

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1673 eta 1733an bi leherketa egon ziren Bolboraren errotan, Arantzadi inguruan zegoen bolbora fabrikan. Honek kalte handiak egin zizkion katedralaren dekorazioari, bereziki pinakulei.. Kabildoak konponketak José Sufiri enkargatu zituen, 1933ko azaroaren 21ean jada amaituta zituena. Beirateak 1773an berritu ziren, baina pinakuluak ez ziren inoiz ere berritu[11].

Elizaren barnealdea.

Gaur egungo tenplu gotikoa eraikitzeko arrazoia aurreko tenplu erromanikoa bat-batean erori zela izan zen. Honek, lanak azkar hastera behartu zuen, katedrala Nafarroako erresumako ekintzarik garrantzitsuenetarako esparru bezala balio baitzuen, erregeen koroatze eta bilerak, euren bataioa edo euren lurpertzea, hiltzen zirenean. Arrazoi honegatik, bere berreraikuntza, Karlos III.a Noblea, Leonor Trastamarakoa eta bere oinordekoentzat helburu nagusi bihurtu zen, oso ohikoa ez zena. Normalki, kabildoak eta gotzainek katedral multzoetan egiten ziren esku-hartzeen kostuak ordaintzen zituzten garai horretan eta, erregeek, kaperak, erretaulak edo urregintza piezak soilik ordaintzen zituzten garaian. Kasu honetan, aurreko eraikinaren hondamena ia erabatekoa zenez, eta kabildoak eta gotzainak eraikuntza berriaren kostuak bere gain hartzea ezinezkoa zenez, erregeek euren errenten zati bat tenplu berria eraikitzeko erabiliko zuten, beranduago euren alaba Zuriak egingo zuen bezala[6].

XII. mendearen amaieran zeuden eta Europa osoan nagusi zen estiloa gotikoa zen. Nafarroan, Frantziarekin muga zuelako eta bertan leinu frantses ezberdinak gobernatu zituelako, Evreux (urte horietan gobernatzen zutenak) eta Xanpaina kasu, Frantziaren eragina oso garrantzitsua eta etengabea izan zen XII. eta XII. mendeetan zehar, eta, horregatik, eliza berria gotiko frantsesean eraiki zen.

1394ko maiatzaren 27an jarri zen lehen harria, gurutzaduratik erdiko nabearen bigarren zutabeko erliebean irakur dezakegun bezala, ebanjelioaren aldean, Birjina eseri baten aurrean belaunikatutako hiru kalonje irudikatzen dituen erliebe baten azpian, non honako hau jartzen duen: Capi(tu)l(u)m eccl(esie) Pampilon(ensis) an(no) M.CCC.LXXXX.IIII.[6].

Katedralaren oinplanoa, ohi denez, habearteak, gurutzadurak eta burualdeak osatzen dute. Habearteak hiru habearte ditu: erdiko habearte bat handiagoa da (12,2 m zabal eta 25,3 m garai), eta bi alboko ditu (7 m zabal eta 12,8 m garai). Habearteak sei zatitan banatzen dira, baina azkena, fatxadatik hurbilen dagoena, fatxadarekin batera eraiki zen XVIII. mendearen amaieran[12].

Alboko habearteetan zehar atxikita, kapera batzuk daude, epistolaren aldetik gurutzaduratik hurbilen dauden bi tarteak izan ezik. Horiek espazio zehaztugabe bati ematen diote bide, eta hori eliza jada amaituta zegoen klaustroaren sarrerarekin lotzeko beharrarekin azaltzen da. Nahiz eta kapera gehienak kontrahormen artean geratzen den habeartearen zati bati dagozkion, mendebaldeko fatxadatik hurbilen dauden bi kaperek bi atali dagokien espazioa hartzen dute. Guztiak laukizuzenak dira eta 5,2 metroko zabalera eta 6,5 metroko luzera dute, luzera hori bikoizten duten bikoitzak izan ezik, eta kasu guztietan altuera alboko habearteen berdina da[12].

Habearte nagusiaren euskarriak forma erronboidaleko zutabe salbuetsiek osatzen dituzte, moldura ahurrez bereizitako hamabi zutabetxo finekin. Horiek parpain-arku eta arku formeroen pisua eusten dute, baita nerbio diagonalena ere. Alboko habeartearen eta kaperen artean dauden pilareak ez dira salbuetsiak; beraz, aurrekoen antzekoak izan arren, egitura aldatu egiten dute neurri batean. Bestalde, kapera bikoitzek zutabe salbuetsi bat dute, barrutik eta kanpotik baketoirik ez duena, zirkuluerdi-formako sekzioa baizik. Arkuak zorrotzak dira, erlaitz oso markatukoak eta profil molduratukoak.

Habearte nagusian dagoen beirate bat.

Nabarmentzekoa da alboko habearteetako arkuen eta erdiko habearteko leihoen artean geratzen den horma-espazioa. Izan ere, leihoak ezin dira luzeagoak izan, kanpoaldetik daude alboko habearteen estalkiarekin eta kaperekin, azken horiek aurrekoen altuera berekoak baitira. Ez da harritzekoa kasu hau ikustea, baina bai, ordea, horma huts hori ez zela trazeria edo triforio batekin konponduko, eta horrek horma astun baten itxura eta inpresio negatiboa ematen du.

Erdiko nabeko leihoak dira handienak. Tarte bakoitzeko bi daude, altuera handian, txandaka handiagoak eta txikiagoak direnak, eta, aldi berean, diseinu alternatiboa dutenak. Arku zorrotz txaranbeldu batez osatuta daude, bi arkiboltaz osatua, alde banatan beste hainbeste zutabetxotan zurkaiztuak. Behealdea, ezpondan dagoen isurki batez errematatua dago, eta, bere barnealdea, erpinean trazeria bat eusten duten bi mainelek banatzen dute. Errepikatzen diren bi diseinuak, tarte bakoitietan, arku oso zorrotz, sekanteak eta tangenteak dira, barnealdea zirkuluetan inskribatutako laukiekin betetzen dutenak. Tarte bikoitietan, trazeria hiru zirkulu handiz osatuta dago, eta zirkulu horiek hiru karratu dituzte, alde okerrak eta laukizuzen inskribatuak dituztenak.

Kaperetako leihoak antzekoak dira, baina txikiagoak, eta mainel batez bakarrik banatuta daude. Trazeriak desberdinak dira, baina oinarrizko elementu berberek osatzen dituzte.

Katedralaren sabaia.

Katedraleko nabe guztiak ojiba-gangaz estalita daude. Erdiko habearteak gurutze-ganga bakunak ditu, barlongak, bat atal bakoitzean, parpain-arkuen bidez banatuta, eta gangaren giltzarriak fajoi-arkuarekin lotzen dituzten luzetarako loturen bidez sendotuta. Ojiba-arkua fajoia baino altuagoa da. Nerbioek eta fajoiek sekzio triangeluarra, akutua eta molduratua dute. Horma-bularrak hormatik jaisten den zutabetxo batean bermatzen dira, nabearen zutabean zehar.

Gangen eta fajoien giltzarriak motibo heraldikoz, zizelkatuz eta polikromatuz apainduta daude, eta, aldi berean, nerbio eta loturek armarri txiki bat dute giltzarriaren ondoan, baina polikromatua bakarrik. Gurutzaduratik hasita, honako armarriekin egingo dugu topo: Karlos III.a Noble, Zuria erregina, Nafarroa-Evreux, Zuriaren hasierakoa, eta, bosgarren atalean, Martin Peraltakoa gotzainaren armarria. Seigarren atalak, garai neoklasikoan eraikia izan zenez, ez zuen polikromiarik, ezta armarri heraldikorik ere, eta, beraz, azken zaharberritzean (1992-1994), birsortze hipotetiko bat egin zen, elizaren gainerakoan kontserbatutako adibideetatik abiatuta, bai baitira jatorrizkoak eta arkitekturaren garaikideak. Giltzarrien dekorazioari dagokionez, azpimarragarriena da polikromia ez zela giltzarrietan eta armarrietan bakarrik aplikatu, baizik eta horien inguruan lau metroko diametroa hartzen duela, eta, beraz, gangaren zati bat polikromatuta dagoela. Deigarria bada ere, hau ohikoa zen Erdi Aroan, non harri leuna zein zizelkatua polikromatzen zen.

Alboetako habearteetako gangek antzeko egitura dute, baina giltzarriak ez daude fajoiarekin loturaren bidez lotuta. Erdiko habearteak, fajoiek, giltzarriek eta nerbioek bezala, errege eta gotzainen armarri heraldikoak dituzte, eta giltzarriaren inguruan, gangaren zati bat ere polikromatuta dago[13].

Joanes Bataiatzailearen kaperako errataula.

Kaperak gurutzeria sinpleko gangez estalita daude, eta giltzarriak armarri heraldikoz apainduta daude, baina ez beti. Ohitura den bezala, kaperak santu baten edo gehiagoren izenean daude, eta mendeetan zehar batzuek titulartasuna aldatu dute. Gaur egun izen hauekin ezagutzen dira (nabearen oinetatik hasita, Ebanjelioaren aldean):

Gurutzadura karratua da, eta bi besoak bi atalez osatuta daude; lehenengoa angeluzuzena da, alboko habeartearen zabalerakoa, eta hurrengoa ia karratua. Ganga erdiko habeartearen altuera berean dago, eta habeartearen antzeko pilareek eusten diote; baina, kasu honetan, hamasei zutabetxok osatzen dute, eta ez hamabik.

Bi besoek bi leiho dituzte, bata bestearen parean, gurutzaduratik hurbilen dagoen zatian. Egitura leihoen antzekoa da, baina trazeria flamigeroa da. Bi arrosa-leiho txikik horma pikoak zulatzen dituzte, trazeria flamigeroarekin, klaustroaren iparraldeko hegalaren antzekoa.

Gurutzaduraren estalkia, bere bost giltzarriak dituen tertzeletedun ganga batez osatuta dago. Besoetatik hurbilen dauden tarteek gurutzeria sinplea dute, barlonga, luzetarako loturaz sendotua, eta kanpoaldekoek gurutze-ganga soilak dituzte, karratuak eta luzetarako eta zeharkako loturak dituztenak. Nerbioek nabekoek baino profil zorrotzagoa eta konplexuagoa dute, eta horren arrazoia da geroko eraikuntza fase batekoa dela. Geroago eraiki zela erakusten duen beste egitate bat giltzarrietan tailurik ez egotea da, nahiz eta hori disimulatuta ikusten den, urre-koloreko zurezko atzeko giltzarri handiekin estalita baitaude. Giltzarrien inguruko gangak berriz polikromatuta daude.

Presbiterioko baldakinoa neogotikoa da. Barruan duen Ama Birjinaren eskultura, XII. mendekoa, ordea.

Iruñeko katedralaren burualdea presbiterioak eta kaperak egiten dituen girola batek osatzen dute. Presbiterioaren oinplanoa pentagono irregularra da. Girolak, bere aldetik, lau zati ditu, erdiko biak hexagono erregular berdinak dira, eta beste biak, pentagono irregularrak eta elkarren artean ezberdinak.

Presbiterioa erdiko habeartearen eta gurutzaduraren altuera berekoa da. Arku zorrotz zabal batez lotuta dago. Girola aldera, oso zorrotzak diren lau arku txiki daude, hiru zutabe biribiletan zutik, gangako arkuen pisua jasotzeko zutabetxo bat atxikita dutela. Leihoak nabearen antzekoak dira, baina mainel bakarrekoak, txikiagoak eta trazeria flamigeroak dituztenak.

Estalkia pentagono irregularrera egokitutako izar-formako nerbio-ganga bat da. Bost nerbio nagusi ditu, bost elementu osatzen dituztenak, gurutzaduraren ondokoa gainontzekoa baino askoz zabalagoa delarik garaipen arkuarekin moztuta. Nerbio nagusiak elkarren artean binaka lotuta daude tertzeleteen bidez, gurutzaduratik hurbil daudenak izan ezik, berez tertzeleteak ez direnak eta garaipen arkuarekin ebakitzen dituztenak. Aldi berean, tertzeleteak nerbio nagusiei lotuz elkartzen dira, honela, sei puntako izar bat osatuz. Puntu horien junturek hostoz landutako giltzarriak dituzte. Nerbioen profila gurutzaduraren berdina da.

Girolaren alderik nabarmenena sakristia banatarako sarrerako bi ateak dira[17]. Biek antzeko egitura dute, hostotza naturalistaz apaindutako arku konopial batez osatua, intradosarekin apaindua, hostotza duen arku konopial batez gainjarria eta lore handi batez errematatua, hori guztia alboetara pinakulu kaxeatuez mugatua. Dirudienez, XIV. mendearen amaieran datatu daitezke, eta, jatorrian, hilobiak hartzeko ziren, baina ezabatu egin ziren, girolaren ondoren sortutako sakristietara iristeko.

Girolan hiru leiho txiki baino ez daude. Bata mainel batean oinarritutako jatorrizko trazeria gordetzen duena, bestea mainelik ez duena, eta hirugarrena, trazeria modernoa dirudiena.

Estalkiak, nerbioen bidez, sei edo bost zatitan banatuta daude, tartearen arabera. Giltzarriak armarri heraldikoa izateko prestatuta badaude ere, bakarra dago zizelkatuta, eta gainerakoak gurutzaduran bezala, egurrezko giltzarriek ezkutatzen dituzte.

Katedral gotikoetan oso ohikoak ez diren bi elementu batzen ditu. Alde batetik, kaperekin bat egiten duen girola, eta, bestetik, presbiterioan alboko paramentu pare bat dituena, honen hondoan bao bat jarri beharrean zutabe bat egotea eragiten duena[18].

Nabeen gorputzak bi paramentu desberdin ditu kanpoaldean. Behekoa kaperei dagokie eta goikoa erdiko habeartearen goiko aldeari. Leihoek barrualdeko eskema bera dute, baina arkuaren gainean hauts-babes bat dago, iparraldean giza buruen mentsulek eta hegoaldean animalienek eusten diotena. Zati bakoitza, lau angeluko forma duen kontrahorma sinple batek banatzen du, bost iparraldean eta hiru hegoaldean. Kontrahorma honetatik, lau angeluko beste kontrahorma batean bermatuta dagoen zirkulu laurden formako ostiko-arku soil bat irteten da. Ez dago ziur pinakulurik ez dagoen, inoiz existitu ez direlako edo desagertu egin direlako. Hegoaldean, hormatutako ate zorrotz bat dago.

San Jose plazatxoko ate gotikoa.

Gurutzadura eta nabeen gorputza bat datoz altueran eta zabaleran. Hegoaldeko fatxada zati batean bakarrik ikus daiteke, klaustroari atxikita baitago. Iparraldea, berriz, bere osotasunean ikus daiteke. Goiko aldean arrosa-leiho bat ikusiko dugu, eta beheko aldean San Jose plazatxoko ate gotikoa.

Ate hau, 1425 ingurukoa, Janin Lomme Tournaikoa eta bere tailerrari egozten zaio[19]. Janbetan hiru baketoi eta bi arkibolta zabal dituen arku zorrotz batez osatua dago. Loroi bikoitz batez koroatutako arku konopiala, pinakuluetan amaitzen diren bi kontrahormaz markoztatua eta landare-motiboak dituen hauts-babes batez babestua. Tinpanoan, Birjinaren koroatzea irudikatzen da.

Kontrahormak lauak dira, azken tartera iristen diren arte. Bai hemen, bai burualdean, badakigu pinakuluen existentzia, horietako bat gorabehera ezberdinetatik bizirik atera baitzen eta bere lekutik eraitsi 1990eko hamarkadan, erortzearen beldur. Beraz, beste guztiak erori egin ziren, 1733an Bolboraren errotaren leherketan seguruenik[11], katedral osoa hainbeste kaltetu zuena eta, bereziki, bere apaingarriak, hala nola, beirateak, trazeriak eta pinakuluak[20].

Katedralean lurperatutakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Karlos III.a Nafarroakoaren eta Leonor Trastamarakoaren hilobia.

Nafarroako erregeak eta familiakoak:

Sakontzeko, irakurri: «Iruñeko Elizbarrutiko Museoa»

Katedrala eta bere alboko eraikinek osatzen duten multzoan Iruñeko Elizbarrutiko Museoa dago. Honetan multzoa ikusteaz gain elizkizunetan erabili ohi diren erlijio elementuak ikusgai daude.

  1. Antzina, Iruñeko Santa Maria deitua zen. Andre Maria Erreginari eskainitako tailu gotikoa dela eta, metonimia bat sortzen da, tenpluaren izendapen titularra tailuarena bera dela pentsarazten duena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gaztambide, José Goñi. (1994). «La veneración a Santa María la Real» La catedral de Pamplona, Vol. 1, 1994, ISBN 84-87120-22-9, págs. 25-31 (Caja de Ahorros de Navarra): 25–31. ISBN 978-84-87120-21-3. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  2. Estella, Esperanza Aragonés. (1994). «Epoca prerrománica y románica» La catedral de Pamplona, Vol. 1, 1994, ISBN 84-87120-22-9, págs. 133-161 (Caja de Ahorros de Navarra): 133–161. ISBN 978-84-87120-21-3. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  3. «Introducción. Historia. Catedral de Pamplona» web.archive.org 2011-09-15 (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  4. Hainbat Egile 1990, 460 orr. .
  5. Hainbat Egile 1994a, 136 orr. .
  6. a b c d Martínez de Aguirre 1987, 263 orr. .
  7. a b c (Gaztelaniaz) Paredes, Ángeles García de La Borbolla García de. (2016). «El cabildo de la catedral de Pamplona y la Navarrería en la segunda mitad del siglo XIV: la creación de un condominio» Edad Media. Revista de Historia (17): 255–273. ISSN 2530-6448. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  8. Sorbet, Peio Joseba Monteano. (2001). «La Peste Negra en Navarra: La catástrofe demográfica de 1347-1349» Príncipe de Viana 62 (222): 87–120. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  9. Monteano, Peio J.. (2020). Un enemigo mortal e invisible : los navarros en la era de la peste (1348-1723).. (2ª edición. argitaraldia) ISBN 978-84-9172-182-6. PMC 1240212815. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  10. Goñi Gaztambide, José.. (1985). Historia de los obispos de Pamplona. Ediciones Universidad de Navarra ISBN 84-313-0579-7. PMC 639905455. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  11. a b Gaztambide, José Goñi. (1952). «Destrozos causados en la Catedral de Pamplona por dos explosiones» Príncipe de Viana 13 (48): 407–411. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  12. a b Hainbat Egile 1994a, 253 orr. .
  13. Hainbat Egile 1994a, 261 orr. .
  14. Martinena Ruiz, Juan José.. (D.L. 1978). Las cinco parróquias del viejo Pamplona. Diputación Foral de Navarra. Dirección de Turismo, Bibliotecas y Cultura Popular ISBN 84-235-0335-6. PMC 432607289. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  15. Gran Enciclopedia de Navarra | PAMPLONA. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  16. Castilla, María Josefa Tarifa. (2006). «La parroquia de San Juan Bautista de la catedral de Pamplona y su ajuar litúrgico» Cuadernos de la Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (1): 375–392. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  17. Hainbat Egile 1994a, 266 orr. .
  18. Hainbat Egile 1994a, 264 orr. .
  19. Hainbat Egile 1994a, 384 orr. .
  20. Hainbat Egile 1994a, 273 orr. .
  • Hainbat Egile. (1990). Gran enciclopedia navarra. Iruñea: Caja de Ahorros de Navarra ISBN 84-87120-10-5..
  • Hainbat Egile. (1994a). La Catedral de Pamplona. Tomo I. Iruñea: Caja de Ahorros de Navarra ISBN 84-87120-22-9..
  • Hainbat Egile. (1994b). La Catedral de Pamplona. Tomo II. Iruñea: Caja de Ahorros de Navarra ISBN 84-87120-23-7..
  • Martínez de Aguirre, Javier. (1987). Arte y monarquía en Navarra 1328-1425.. Pamplona: Institución Príncipe de Viana ISBN 84-235-0794-7..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Iruñea