Frantzisko Josef I.a Austriakoa
Frantzisko Josef I.a[1] (alemanez: Franz Joseph I., hungarieraz: I. Ferenc József, eslovenieraz: Franc Jožef I.; Schönbrunn jauregia, Viena, 1830eko abuztuaren 18a - Schönbrunn jauregia, Viena, 1916ko azaroaren 21a) 1848-1916 bitartean Austriako enperadorea eta Hungariako erregea izan zen.
Tituluak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berorren Maiestate Inperiala eta Apostolikoa, Frantzisko Josef I.a, Jainkoaren graziaz, Austriako enperadore, Hungaria eta Bohemiako errege; Dalmazia, Kroazia-Eslovenia, Galitzia, Lodomeria eta Iliriako errege; Jerusalemgo errege; Austriako artxiduke; Toskanako eta Krakoviako duke handia.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziko Karlos artxidukearen semea eta Frantzisko II.aren biloba zen. Haren osaba Fernando I.ak 1848ko Vienako Iraultzan aginpidea utzi zuenean, berak eskuratu zuen. Lehen urteetan habsburgotarrak Europan eta Austriako Inperioan nagusi izateko ahaleginak egin zituen. Prusiarrek Alemania bereganatzeko zuten asmoari aurre egiteko, 1848an Austria Alemania Handian sartzeari ezezkoa eman zion, eta orobat, 1850ean Olmützen Alemania Txikia sortzeari ere.
1849an Novarako garaipena lortu eta berriro ezarri zuen Austriaren aginpidea Lombardian. Garai berean, Nikolas I.a tsarraren laguntzaz, Austriako dinastiaren galera nahi zuten hungariarrak menderatu zituen. Austria bertako politikari dagokionez, Schwarzenbergen aholkuak ontzat hartu eta 1851ean 1849ko konstituzioa baliorik gabe utzi zuen. Autoritarismo hutsa izan zuen oinarri bere agintean eta, Alemania eredu hartuta, burokrazia zentralizatua ezarri zuen inperio osoan.
Kanpoan, ordea, hondamen handiak izan zituen (Errusiarekin zuen hitzarmenaren amaia, Italiako lurraldeen galera eta, batez ere, Sadowako guduan Prusiarren kontrako porrota), eta alemaniar ez ziren herriei naziotasuna onartu behar izan zien. Federalismoari (1860) eta zentralizazioari (1861) buruz zituen asmoetan huts egin zuen, eta Hungariarekin hitzarmen bat izenpetu zuen. Horrela, 1867an Austriako Inperioko maila bereko lurralde egin zuen Hungaria. Frantzisko Josef eta Elisabet emaztea Hungariako errege-erregina izendatu zituzten. Hungariarekiko harremanak zirela eta, gainerako herrien arazoak areagotu zitzaizkion, txekiar eta hegoko eslaviarrekikoak, batez ere.
Barne-politikan, Reichsrateko (1861ean, enperadoreak parlamentu bat sortu behar izan zuen Vienan) oposizio liberalari eta sozialdemokratari amore eman behar izan zien. Familiako ezbeharrek atsekabeturik, bere erregealdiko azken urteetan egunean eguneko erabakia besterik ez zuen hartzen, eta arazorik larrienei dekretu bidez erantzuten zien. Franz Ferdinand ilobaren hilketaren ondoren, Serbiari ordainak eskatzeko erabakia hartu zuen, eta Lehen Mundu Gerra piztu zuen. Inperioa desegin baino bi urte lehenago hil zen.
Genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.