Mahathir bin Mohamad
Mahathir bin Mohamad[1] (Alor Setar, Kedah, Malaysia, 1925eko uztailaren 10a -) Malasiako Lehen Ministro ohia da, 1981 eta 2003 artean agindu zuena. Karguan egon zen denboran Malasiaren garapena eta "Asiar baloreen" promozioarengatik ezaguna da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Medikuntza ikasi zuen Singapurreko Medikuntza fakultatean. United Malays National Organization erakundeko (Malaysiako Erakunde Nazional batua) kide da, 1946an sortu zutenetik bertatik. Medikuntzako lizentziadun egin ondoren estatuko administrazioan hasi zen lanean mediku gisa.
1964ko hauteskunde orokorretan diputatu hautatu zuten, baina 1969ko hauteskundeetan galdu egin zuen leku hori. Urte horretako hauteskundeek matxinada sortu zuten Kuala Lumpurren, eta Tunku Abdul Rahman agintariaren izen txarra ekarri zuen. Mahatir alderdiko bakarretakoa izan zen jendaurrean agintaria kritikatzera ausartu zena, eta horregatik 1969an bota egin zuten erakundetik.
1973an senatari izendatu zuten, 1974an Hezkuntza ministro eta 1976an Lehen Ministrorde. 1978an Merkataritza eta Industria ministeriora igaro zen eta kargu horretan hainbat diplomazia lan egin zituen bere herrialdeko inbertsioak indartzeko. 1978an alderdiko lehendariorde izendatu zuten, eta 1981ean presidente.
1981ean Lehen Ministro izatera iritsi zen. Aginpidean egon zen bitartean, gobernuan zen koalizioak, Fronte Nazionalak, garaipen argiak lortu zituen 1982, 1986, 1990 eta 1995eko hauteskundeetan. Lehen Ministro gisa zuzenean parte hartu zuen nazioarteko gaietan, Asia Hego-ekialdeko Nazioen Elkartean, Asiarako eta Ozeano Barerako Ekonomia Lankidetzan, Commonwealthen eta abarretan.
1990eko hamarkadan zehar, 1996 inguru arte, barne produktu gordina % 8 igo zen batez beste urtero; horrela, munduko hazkunde handienetakoa izan zuen eta Asiako herrialde ahaltsuenen mailara iritsi zen, nahiz eta Hego-ekialdeko Asiako herrialderik txikienetakoa den hedaduraz. Gorakada hori esportaziorako eskulan industrien (ehungintza, telebista, informatika eta abar) eta atzerriko inbertsioen igoerari esker gertatu zen batez ere; munduko osagai elektrikoen lehenengo ekoizlea izatera iritsi zen.
Baina 1997an Asian gertaturiko finantza krisiak bete-betean harrapatu zuen Malaysia; barne produktu gordinaren hazkundea % -7ra jaitsi zen, diruak bere balioaren % 48 galdu zuen eta burtsak hondoa jo zuen. 1999an gainbehera jarraitu zuen Malaysiako ekonomiak. Horiek horrela, Mahathir lehen ministroak bertako dirua babesteko neurriak proposatu eta interes tasak murriztu zituen, ekonomia suspertzearren. Era berean, langabezia jaitsiarazteko 1999. urtean aurrekontuak igoko zirela iragarri zuen gobernuak. Ahalegin nagusiak, gaur egun, aurrekontuen defizitari aurre egiteko eta bankuen alorra indartzeko egiten dira; bertako eta nazioarteko iturrietatik dirua lortzea da helburu nagusia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Ingelesez) «Malaysia's Mahathir Mohamad sworn in after shock comeback victory» BBC News 2018-05-10 (Noiz kontsultatua: 2021-04-04).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]