Muammar al Kadafi
- Artikulu hau Libiako agintari nagusiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gaddafi (argipena)».
Muammar al Kadafi[1] (arabieraz: عمر القذافي; transkripzioa: Mu‘ammar al-Qaḏḏāfī) (Sirte, Italiar Libia, 1942ko ekainaren 7a - Sirte, Libia, 2011ko urriaren 20a) 1969tik 2011 arte Libiako de factozko buruzagia izan zen. Herrialdeko agiri eta prentsa ofizialetan, Kadafi Libiako Arabiar Herri Jamahiriya Sozialista Handiko Irailaren Leheneko Iraultzaren Gidaria edo Buruzagi anaia izendatzen zuten. Ofizialki ez zuen inongo kargurik, baina Iraultzako Gidaria zen prentsa agiri ofizialetan. Bere programa sozialistaren barruan 1970ean enpresa pribatu guztiak nazionalizatu zituen, lurra, petrolio enpresak eta bankuak barne. Libian negozio familiar txikiak baino ez zituen baimendu. Boterean izan zen 40 urtean zehar Hirugarren Mundua garatzeko sistema sozialistaren ideologia garatu zuen, Hirugarren Teoria Unibertsala eta Jamahiriya.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boterera oso gazte heldu zen, militar erreboltari gisa. Kadafiren politikak ezkertiar antikolonialistak eta antiokzidentalak ziren, eta aberastasunaren banaketaz hitz egiten zuen. Horregatik hainbatek "Arabiar Che Guevara" zela zioten. Gamal Abdel Nasser egiptoar liderraren ondorengoa izan nahi izan zuen, panarabismoa eta arabiar sozialismoa bultzatuz. 1972an eta 1977an arrakastarik gabe saiatu zen sobietarren aldeko Egipto, Sudan, Siria eta Irak Arabiar Errepubliken Federazioan elkartzen. Gainera saiakerak egin zituen Libia Tunisia, Aljeria, Maroko eta Txadekin fusionatzeko. Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren barnean Josip Broz Tito jugoslaviarraren eta Sri Pandit Jawaharlal Nehru indiarraren ondorengoa izan nahi zuen. Bere asmoa SESBeko komunismoa eta AEBetako kapitalismoarekin alineaturik ez zeuden Hirugarren Munduko herrialdetako liderra izatea zen.
Boterean zegoela bere alineazio geopolitikoa behin baino gehiagotan aldatu zuen. Bere agintaldiaren hasieran Frantziarekin harremana izan zuen, baina horren ondoren SESBekin alineatu zen. Hasiera batean panarabismoa bultzatu zuen, gero antikomunismoa, ondoren sobietak, panislamismoa, interbentzionismo belizista eta, azkenean, panafrikanismo bakezalea. Azken honetan Afrikar Batasunaren bultzatzaile nagusia izan zen. 1980ko hamarkadan hainbat saiakera egon ziren erditik kentzeko, batez ere Ameriketako Estatu Batuen eskutik. 1986an AEBk, Ronald Reagan buru zela, Tripoli bonbardatu zuen. Bonbardaketa honetan Jana izeneko neska hil zen. Kadafik neska hau bere alaba zela esan zuen, nahiz eta ondoren egindako ikerketek diote hil ondoren adoptatu zuela. Bestetik Kadafik 3.000 soldadu bidali zituen Ugandako Idi Amin babestera, Uganda-Tanzania gerraren barruan, 1970ko hamarkadan. 1970 eta 1980ko hamarkadetan Kadafik Txaden aurkako oldarraldi militarra egin zuen, Auzuko Zerrenda anexionatu zuen eta bertan zegoen uranioaren esplotazioa bultzatu. Hissène Habré Txadeko presidentea kendu nahi izan zuen Toyoten Gerraren bidez.
1990ko hamarkadatik 2000ko hamarkadara doan tartean beste herrialdetako talde armatuak babesteari utzi zion eta hainbat arma handi sortzeko programak eten. Horren ondorioz nazioarteko komunitateak berarekiko jarrera aldatu zuten eta Tripolira bisitak ohikoak bilakatu ziren. AEB, Erresuma Batua, Frantzia, Italia edo Alemaniako liderrek Kadafiren jarrera berria bultzatu zuten. 2000tik aurrera kanpoko petrolio enpresen sarrera baimendu zuen.
2011n Libiako Gerra Zibila piztu zen, Arabiar Udaberria deitu den fenomenoaren barruan. NATOko kideek jarrera aldatu eta bere aurkako matxinada bultzatu zuten. Horren ondorioz 2011ko abuztuaren 23an matxinatuak bere jauregian sartu ziren eta bere aurkako bilaketa intentsiboan hasi.
2011ko urriaren 20an, Kadafi hilda erakusten zuten argazkiak zabaldu zituzten haren etsaiek.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Muammar al Kadafi idazkera aldezten du EIMAk, Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak lanean. Berria egunkarian Muammar Gaddafi darabilte gehienbat.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Muammar al Kadafi |