Edukira joan

Parmigianino

Wikipedia, Entziklopedia askea
Parmigianino

Bizitza
JaiotzaParma1503ko urtarrilaren 11
Herrialdea Italia
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaCasalmaggiore1540ko abuztuaren 24a (37 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, artista grafikoa, akuafortista, marrazkilaria, grabatzailea, arkitektura proiektuen marrazkilaria eta artista bisuala
Lantokia(k)Bolonia
Mantua
Parma eta Erroma
Lan nabarmenak
MugimenduaGoi Pizkundea
manierismoa
Genero artistikoamargolaritza historikoa
erretratua

Girolamo Francesco Maria Mazzola (Parma, 1503ko urtarrilaren 11Casalmaggiore, 1540ko abuztuaren 24a), gehienean Parmigianino deitua, italiar margolari manierista izan zen. Batik bat, Parma, Erroma eta Bolonian lan egin zuen. Berak sortu zuen manierismoaren bertsio dotore eta sofistikatua guztiz eraginkorra izan zen Pizkunde ondoko belaunaldian.

Pintore-familia bateko semea zen. Correggiorekin lan egin zuen eta haren eragina agerikoa da Parmigianoren hasierako lanetan. 1521 aldean Pala di Bardi (Santa Maria eliza, Bardi) margotu zuen. 1522-23 urteetan bi fresko sail egin zituen: bat, Parmako San Giovanni Evangelista elizako bi albo kaperetan (Correggio eliza hartan lanean ari zen garai berean), eta beste bat, Diana eta Akteoneren elezaharra, Fontanatellatoko gazteluko sabai batean. Azken horrek Correggioren Parmako San Paolo komentuko lanaren kutsua du.

1524an Erromara joan zen eta hiru margolan eraman zituen erakusgarri, horien artean bere lan famatuenetako bat, Burupotreta (Kunsthistorisches Museum, Viena), bere irudiak ispilu ganbil batean egiten zuen islatik ohol ganbil batean egina. Hiri horretan Michelangelo eta Rafaelen obrak ezagutu zituen. San Girolamoren ikuskaria (Visione di san Girolamo, 1527, National Gallery, Londres) du Erroman egindako lan nagusia. Michelangeloren estiloaren arrastoa igartzen zaion arren, askoz nabarmenagoa du Rafaelen forma eta ezaugarrien edertasunaren helburua. Helburu hori bera du, azken finean, Parmigianinoren obra osoak.

Ama Birjina Lepaluzea, 1535-1540, 214 x 133 cm, Uffizi Galeria, Florentzia.

San Girolamoren ikuskaria egiten ari zela, Erromako harpilatzea gertatu zen, eta Parmigianinok Boloniara alde egin zuen. Han margotu zuen bere maisulanetako bat, Madonna di Santa Margherita (1529-30, Pinacoteca nazionale, Bolonia) . 1531n Parmara itzuli zen, eta ia hil arte hantxe geratu zen. Azkenaldi horretako lan nagusiak Madonna dal collo lungo (1534, Uffizi Galeria, Florentzia), eta Santa Maria della Steccatako freskoak dira. Azken horiek elizako dekorazio zabal baten parte ziren, baina Parmigianino izugarri luzatu zen bere lanean, eta preso hartu zuten kontratua hausteagatik. 1539an, bermepeko askatasunean zegoela, Casalmaggiorera ihes egin zuen eta bertan hil zen[1].

Parmigianinoren estiloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parmigianinoren estiloa, bere biguntasun eta birtuosismo teknikoan, manierismoko estilo distiratsu eta eraginkorrenetako bat da, Bigarren Berpizkundeari zegokion naturalismoa gutxiagotu zuena.

Parmigianinoren lanaren ezaugarriak konposizio espazialaren zehazgabetasuna, giza irudiaren distortsioa eta luzapena, eta Vasari arte historialariak grazia deitu zuena dira, alegia, izadiaren edertasuna baino harantzago doan edertasun erritmiko sentsuala. Azken ezaugarri hori, dotoretasun fin hori, agerikoa da, ez bakarrik margolanetan, baita Parmigianinok egin zituen marrazki ugarietan ere.

Grabatua landu zuen lehen italiar artistetakoa izan zen. Arkatzaren askatasun beraz erabiltzen zuen grabatzeko orratza, normalean bere marrazkien kopiak egiteko, marrazki asko eskatzen baitzioten. Bestalde, Parmigianino Veneziatik kanpoko erretratugile nagusietako bat izan zen. Napolin daude haren erretratu onenetakoak.

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. David EKSERDJIAN: Parmigianino Museodelprado.es
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Parmigianino Aldatu lotura Wikidatan