Romano Prodi
Romano Prodi (Scandiano, Italia, 1939ko abuztuaren 9a-) politikari italiarra da. Italiako lehen ministroa izan da bi alditan, 1996ko maiatzaren 17tik 1998ko urriaren 21era eta 2006ko maiatzaren 17tik 2008ko maiatzaren 8ra. Horrez gain, 1999ko irailaren 16tik 2004ko urriaren 30era Europako Batzordearen presidentea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekonomia Politiko Industrialeko irakasle izan zen Boloniako unibertsitatean. 1979an Industriako ministro izendatu zuten. 1982-1989 urteen bitartean eta 1993-1994 bitartean Industriaren Erreformarako Institutua zuzendu zuen. 1996ko hauteskunde orokorretan Olivoko zentro-ezkerraldeko koalizioko hautagai nagusia izan zen, eta botoen % 43,4 lortu zuelarik, Lehen ministro izendatu zuten. Gobernura iritsi zenetik Prodiren helburu nagusia Italia Europar Batasunera sartzen zen lehenengo herrialdea izatea izan zen. 1997an uko egin zion alderdiko presidente izateari, koalizioko komunistekin zituen gorabeherak zirela-eta. Baina krisi hura gainditzea lortu zuen komunista berriekin hitzarmen bat izenpetu zuenean, 2001. urtean 35 orduko lan astea abian jartzeko. 1998an, Bruselan, Europar Batasuneko buruzagi nagusien bileran parte hartu zuen Prodik. Bilera hartan Europako diru bakarreko taldea osatuko zuten hamaika herrialdeen behin betiko zerrenda onartu zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.