Edukira joan

Siziliako antzinako herriak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sizilian, zibilizazio helenikoa heldu baino lehen, beste herri batzuk bizi ziren, hala nola, sikanoak, elimoak eta sikuloak. Hauek izan ziren greziarrek aurkitu zituztenak Siziliara heltzean K.a. 756an. Ez dago jakiterik feniziarrak greziarrak baino lehenago edo aldi berean heldu ziren (K.a. VIII. mendean)[1]. Bestalde, eztabaidagarria da morgeteak irlan egon ziren


Herria Eskualdea
Sikano Hegoaldeko eta mendebaldeko Sizilia
Elimo Siziliako mendebaldeko muturrean (Segesta, Erice, Entella)
Sikulo Ekialdeko Sizilia
Feniziar Kostaldea eta irlak (greziarrak heldu baino lehen), gero, mendebaldeko muturrean (Motia, Panormo, Solunte, Lilibeo)
Morgete Morgantion

Sikanoak (latinez: Sicani; antzinako grezieraz: Σικανοί, sikanoi) Sizilian greziarren kolonizazioaren aurretik bizi zirenen hiru leinuetako bat zen, Tuzididesek egindako banaketaren arabera. Greziar historialariaren arabera, Iberiar Penintsulatik zetozen[2] baina baieztapen hau ez da oinarritzen inolako iturritan. Nahiz eta hizkuntza alfabeto grekoz idatzita egon,[3] izenak bakarrik itzuli dira.

Sizilia arkaikoa

Sikanoak (grezieraz Σικανοί, Sikanoi) antzinako herria zen, Sizilian Brontze Aroan ezarri zirenak. Tuzididesek idatzi zuenaren arabera, sikanoak kokatu ziren Sizilian ziklopeak eta lestrigoien ondoren. Herri hau, aurretiaz Iberiar penintsulan[4] bizi zen, Valentzianbeharbada. Sikano ibaiaren ondoan[5]. Iturriek ez diote zein garaitan gertatu zen, bakarrik Troia gudaren aurreko laupabost belaunaldietan izan zela Siziliako (Trinakria) inbasioa. Irla sartu orduko, liguren kontrako gerrak izan zituzten. Informazio hau Antioko Sirakusakoa historialariengandik atera da, nahiz eta baieztapenaren oinarria ezezaguna izan. Timeo Tauromeniakoaren ustez, bertakoak ziren. Hala ere, Tuzididesen arabera, hauen lurraldea Iberiatik Rodano ibairaino heltzen zen. Sikano ere, Galiako ibai bat izan zitekeen (badaude uste dutenak Sikano, Sequana ibaia zela, egungo Sena). Ematen duenez, sikanoak Lazioan ezarri ziren, Tiber ibaiaren ondoan, baina bertako biztanleek Italiako hegoalderaino kanporatu zituzten. Zonalde honetan enotrioekin bizi ziren, baino sikano gehienak Siziliara, Trinakriara, abiatu ziren. Antzinean, Trinakriako parterik handienean bizi ziren. Horregatik irlari Sikania izena eman zioten. Hala ere, gaurko ikerlariek uste dute sikanoak iliriar tribuak zirela eta natiboek okupatzen zituzten lurraldeetaz jabetu zirela. Indusketa arkeologikoek erakutsi dute Mizenasko eragina izan zutela. Beranduago, elimoak, Anatoliako kolonoak, antza, Siziliako ipar-mendebaldean sikanoen ondoan ezarri ziren. Sikanoen hiririk ezagunen artean zeuden: Herbita, Kamikos, Agira, Adrano, Enna eta Omfake.

Elimoak (antzinako grezieraz: Ἔλυμοι; latinez: Elymi) Europako antzinako herri bat zen, Brontze eta Antzinaro klasikoan Siziliako mendebaldean bizi zena.

Istorio mitologikoez aparte, ezer gutxi dakigu elimoen nortasunez eta kulturaz. Zaila da haien auzokideetatik (sikanoak) bereiztea Burdin Aroko aztarna arkeologikoetan (K.a. 1100-700). Geroago, ematen du greziar kolonizatzaileen alderdi asko onartu zituztela, hala nola, Segestako tenplua eraikitzea eta alfabetoa grekoa erabiltzea beraien hizkuntzan idazteko. Gaurdaino inork ez duenez elimoen hizkuntza deszifratu, espekulatu da ez-indoeuroparreko hizkuntza zen.

Segestako elimoen tenplua

Elimoen jatorri zehatzak ezezagunak dira, nahiz eta (zenbait aurkikuntza arkeologikotan oinarriturik), Siziliara emigratutako anatoliarrak ziren[6]. Antzinako greziarrentzat troiataren ondorengoak ziren. Tuzididesen ustez, haien arbasoak Troiako errefuxiatuak ziren. Akeoek Troia suntsitu zutenean, talde batek alde egin zuen eta Mediterraneoan zehar bidaia luze baten ondoren, Sizilian lehorreratu zen. Horiek sorterriko sikanoekin ezkontzean, etnia berri bat sortu zuten, elimoak. Virgiliok zioenez, elimoak Siziliara heldu ziren Alzestes heroiak gidatuta, baina beste batzuen arabera, Elimo eta Egesto buruzagiak Siziliara heldu baino lehen, troiatar kolonia bat omen zegoen Ericeren ondoan, Dionisio Halikarnasokoaren iritziz, sikanoekin harreman onak zituena[7]. Beste ikertzaile batzuk[8] pentsatzen dute haien jatorria Liguria zela. Horretarako bi eskualdetako toponimoak ikertuz (Lerici, Segesta, Entella), ondorioztatu dute hango populazioa hegoaldera mugitu zela. Tesis horren arabera, Trapaniko[9] zenbait kobetako zibilizazioak erlazionatuta egongo ziren Liguriako Eneolitokoekin[8]. Elimoek harreman lagunkoiak eta aliantzak Kartagorekin zituzten bitartean, etengabeko gatazketan ari ziren Siziliako mendebaldeko greziar kolonien espantsionismoarekin, Selinonterekin gehienbat. Behin baino gehiagotan, K.a. 580 ondoren, Selinonteko mugak direla eta, gerrak piztu ziren. Elimoek Atenasekin aliatu ziren Selinonteren kontra borrokatzeko. Horrek zorigaiztoko siziliar espedizioa eragin zuen (K.a. 415-413). Porrot horren ondoren, kartagotarrak berotu zituzten K.a. 409an Selinonte erasotzeko eta, azkenean, lortu zuten etsaiak suntsitzea. Hala ere, Lehenengo Gerra Punikoan, Kartagoko aliantza utzirik, Erromatarren alde jarri ziren. Erromatar garaian, elimoak estatus berezia izatean, zergen salbuetsita zeuden. Dirudienez, egoera hau izan zen elimoak troiatarren ondorengoak zirelako, beraz erromatarren senideak. Elimoak erromatar garaian desagertu ziren, seguruena Siziliako populazioan asimilatu zirelako.

Elimoen lurraldea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elimoek eta sikanoek Siziliako mendebaldea partekatzen zuten, geroago feniziarrekin, eta azkenean grekoekin. Haien hiririk nagusienak honako hauek ziren: Segesta (hiriburu politikoa); Eryx (gaurko Erice) gune erlijiosoa, eta Entella. Beste hiri batzuen artean Elima, Haliciae, Iaitas, Hypana eta Drepanon zeuden.

Elimoen zonaldea eta hiririk nagusienak

Sikuloak[10] (latinez: Siculi; antzinako grezieraz: Σικελοί, sikeloí) Sizilian greziarren kolonizazioaren aurretik bizi ziren hiru leinuetako bat zen, Tuzididesek egindako banaketaren arabera.Geografo honen ustez, Italo sikuloen ustezko erregeari zor zaio Italiako izena, eta sikulo izena, berriz, Sikeloi erregearengandik dator. Herri indoeuropar hau Siziliara heldu zen K.a. XV. mendearen inguruan. Italiatik heltzean, uhartearen erdigune eta ekialdean kokatu zen eta bertako biztanleak, sikanoak, K.a. 1000 urtearen inguruan hego-mendebaldera alboratu zituen. Elimoak uhartearen mendebaldean bizi ziren eta Magna Greziako kulturarekin azkar fusionatu ziren. Haren hizkuntza, ziurrenik, indoeuroparra zen, elimoera eta sikanoera ez bezala.

Indusketa arkeologikoek erakutsi dute Brontze Aroan Mizenasko eragina dagoela Sizilian. Sikuloez lehen literaturako aipamena Odisean agertzen da. Homerok Sikania aipatzen du, baina gehiegi argitu gabe. Urrutitik etorri ziren.[11] Baliteke Burdin Aroko sikuloak eta sikanoak iliriar herriak izatea, zeinak aurreindoeuropar populazio baten gainean inposatu baitziren[12]. Tuzidides[13] eta beste idazle klasiko batzuk tradizioan oinarritzen ziren esateko sikuloak Italiako erdialdean eta Erromako iparraldean bizi zirela[14] Handik, Umbriar eta Sabiniar tribuek egotzi zituzten Siziliara abiarazten. Haien gizarte antolaketa tribala omen zen eta ekonomia nekazaritzan oinarritu. Diodoro Sikuloren arabera[15], sikanoekin zenbait gatazka izan ondoren, Salso ibaia jarri zen bi herrien arteko muga. Orokorroan, pentsatzekoa da sikuloak azken etorriberriak izan zirela Sizilian. Sikuloek burdin erabilera Brontze Aroan ekarri zuten eta etxekotutako zaldia ere. Irlan K.a. 1400 inguruan etorri ziren. Pantalicako nekropoli sikuloa, Sirakusaren ondoan, ezagunena da eta horren ondoren, Cassibilekoa, Notoren hurbil. Agertzen diren eliteen hilobiek a forno (labe itxurazkoak) erlauntzazko forma dute. Hiri nagusienak honako hauek ziren: Agirium (Agira); Centuripa; Henna eta hiru toki Hibla izenarekin: Hibla Handia, baita Geleatis edo Gereatis ere, Simaetus ibaian; Hibla Txikia, Sirakusako iparraldeko kostaldean; eta Hibla Herea Siziliako hegoaldean. Greziar kolonoak etorri zirenean, -kalkistarrek sikuloekin harreman onak izan zituzten baina doriarrak, berriz, etsaiak ziren[16]- sikuloak egotziak izan ziren barneko eremuetara eta haien kulturak, gero eta helenizatuagoak izatean, izaera propioa galdu zuten. Morgantinan, berriz, greziarrak eta sikuloak elkarrekin bizi zirenez, historialariek ez dakite hiri hau sikuloa edo greziarra zen. Diodoro Sikuloren arabera[17], Etna sumendiko erupzioaren ondoren, sikuloak haientzat hartu zituzten sikanoek utzitako lurrak. Ondoren, zenbait gatazka izan zituzten, bi herrien arteko muga Himera (Salso) ibaian ezarri arte. Dionisio Halikarnasokoak[18] idatzitako erromatar antzinitatearen historian dio sikuloak zirela lehen populazioa Albalonga eskualdean bizi izatean, geroago, Erroma sortu zen tokian. Hala ere, K.a. V. mendean, Duzetio, sikuloen buruzagia, gai izan zen estatu sikulo bat eratzeaz irlaren barrualdean eta hegoaldean. Zenbait urtetan estatu hau independente izan zen, baina K.a. 450 urtean, greziarrek garaitu zuten.

Motiako Baal tenplua

Herri hau mendebaldeko kostan eta inguruko irlatxoetan kokatu zen, sikuloekin merkataritza egiteko. Feniziarrek K.a. XII. mendearen amaieratik mendebaldeko Mediterraneoan jardun zuten. Lehenengo fundazioa, Motia, handitu zen greziarrek egotzitako feniziarrekin. K.a. VIII. mendeko aztarna arkeologikoak aurkitu dira. K.a 734an, Tiroko feniziarrek Mabbonath fundatu zuten, gaurko Palermo, non aurretiaz, sikanoak bizi baitziren. Kfra (Solunte), K.a. 700. urtearen inguruan fundatutakoa, izan zen feniziarren hirugarren kolonia. Hiru hiriak garrantzitsuak izan ziren merkataritzan, eta portu onak elimo aliatuentzat. Halabaina, heleniarrak etortzean, kostaldeko kokapenak bertan behera utzi zituzten, aipatutako hirietan babesa bilatzeko. Hiri hauen posizioa mesedegarria zen elimo eta Kartago aliatuengandik hurbil zeudelako.

Aurreko herriez gain, Estrabonek dio morgeteak irlan bizi zirela, baina inmigrazioko data aipatu gabe[19]. Herri honen hiri garrantzitsuena Morgantion zen, Morgo heroiak fundatutakoa. Honetaz gain, Murganzio hiriaz hitz egiten da, gaurko Agnone Bagni herrian[20].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Motya.info - La presenza fenicia in Sicilia(2015) orrian, K.a. VIII. mendea aipatzen da.
  2. Ensayo histórico. (2007-10-7). Apologetico de la literatura española contra los opiniones. .
  3. The World's Writing Systems. , 301 or..
  4. Hecateok, Espainiako Sikane hiria aipu egin zuen, eta Avienok, IV. 37, Sikana aipatu zuen Sikano ibaiaren ondoan (Jucar) edo Cullera lurmuturraren gertu, Hemeroskopion-Denia eta Tiri ibaia (Turia).
  5. Sikano ibaia ez da ziurtasunez indentifikatu. Avienoren arabera, (IV., 379) K.a. IV. mendeko poeta (Ora Maritima idazkian, Masaliako periplo batekin konektatzen duena), ibai hau erromatarren Sucro ibaia litzateke, gaur egungo Jucar. Servio gramatikalariaren ustez, (K.o. IV.-V. mendeak), Ad Aeneida (VIII., 328), Sicoris ibaia izango zen, gaurko Segre. .
  6. SALERNO, Vicenzo: http://www.bestofsicily.com/mag/art144.htm, 2004
  7. DIONISIO HALIKARNASOKOA: Antichità Romane - (I, 47, 2; I, 53, 1
  8. a b Entziklopedia italiarra[1]
  9. MARCH. Cav. Guido Dalla Rosa: Ricerche paleotnologiche del litorale di Trapani, Parma, 1870.
  10. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
  11. FOX: Travelling Heroes in the Epic Age of Homer, 2008:115; Homer's references are in Odyssey 20,383; 24.207-13, 366, 387-390 or.
  12. Fine, John (1985). The ancient Greeks: a critical history. Harvard University Press, 72 or. ISBN 0674033140. "Gaurko aditu askoren ustez, sikanoak, sikuloak eta Italiako hegoaldeko biztanleak iliarrak ziren, jatorrizko mediterranear populazio batekin nahasturik"
  13. Tuzididesen ardura izan zen Atenasko entzuleak jakinaren gainean jartzea hiri honen garrantzia historikoaz eta kulturalaz Siziliako gaietan K. a. 415 urtetik aurrera (VI. liburua, 2.4-6 atalak.
  14. Servius' commentary on Aeneid VII.795; Dionysius of Halicarnassus i.9.22.
  15. Diodoro Sikulo V.6.3-4.
  16. SJOQVIST, Erik: Sicily and the Greeks: Studies in the Interrelationship between the Indigenous Populations and the Greek Colonists (Jerome Lectures, Ann Arbor: University of Michigan Press) 1973.
  17. DIODORO SIKULO: V., 6, 3-4 or.
  18. DIONISIO HALIKARNASOKOA: I, 9; II, 1
  19. ESTRABON: VI, 257 eta 270 or.
  20. http://www.agnonebagni.it/Archeo/AGNONE[Betiko hautsitako esteka] BAGNI.pdf

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]