Zalduako aztarnategia
Zalduako aztarnategia | |
---|---|
Datuak | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Nafarroa Garaia |
Koordenatuak | 42°58′43″N 1°20′13″W / 42.97871783°N 1.33694886°W |
Garaia | Erromatar Inperioa |
Zalduako aztarnategia Aurizberri eta Auritz herrien arteko Zaldua izeneko sail batean dagoen aztarnategi arkeologikoa da[1], Ibañetako pasabidearen magalean kokatua eta hiri erromatarra izandakoa. Egun Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Londresko MOLAk elkarlanean induskatzen dutena, Oihane Mendizabalen zuzendaritzapean.
Zalduako aztarnategian erromatar garaiko hiri baskoia azaleratzen ari da. Hasieran, testu-iturrietan aipatzen zen Iturissarekin identifikatu zen, baina oraingoz, ezin da ezer ziurtzat eman. Hiriak 400 urte inguruko iraupena izan zuela uste dute arkeologoek, hau da, I. mendetik Erromatar Inperioaren gainbeheraraino. Astorgatik Bordelera zihoan erromatar galtzadaren alboan zegoen.
Mende askoan lurpean ezkuturik izan eta gero, Zalduako hiria 1986-1989 bitarteko indusketa kanpainetan agertu zen, erromatar aztarnak aurkitu baitzituzten[2]; gero, 2011n eta 2012an, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek hura herri erromatar bat zela baieztatu zuten, miliarioak eta beste hainbat arrasto aurkitu zuten inguruan, bai eta erromatar garaiaren aurretikoa izan litekeen baskoi herri baten ustezko hondarrak ere[3]. Aranzadikoen iritziz, erromatarrek baskoien herri hartan ostatuak egin zituzten, bidean atseden hartzeko. Soldaduak ere izaten ziren, eta urteen joan-etorrian herria zabalduz joan zen, hiri bihurtzeraino[4]. Adituek diotenez, baskoi soldaduak ziren, Erromaren zerbitzura zihardutenak[5].
Euskal Herriko historiaren berri jakiteko oso aurkikuntza garrantzitsua da, herri hura baskoien lurraldearen erdialdean zegoelako. Erromatarrek hasieran aterpe-leku eta gerora hiri izan zena altxatu aurretik, baskoien bizitoki izan zen. Gainera, etorkizuneko ikerketari begira, potentzialtasun handia duela uste dute arkeologoek, aukera handia ematen baitu erromatar garaiari buruz, euskara arkaikoari eta latinari buruzko datuak lortu ahal izateko[3].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Sandonís, Oihane Mendizabal; Garcia-Garcia, Ekhine; Txoperena, Juan Mari Martinez; Zubiria, Rafa; Mauleon, Juantxo Agirre. (2020). «Zalduako aztarnategi arkeologikoa: 2020ko indusketa kanpaina» Trabajos de Arqueología Navarra (31 32): 253–260. doi: . ISSN 2530-5816. (Noiz kontsultatua: 2023-07-18).
- ↑ «Iturissa» Gran Enciclopedia Navarra. http://www.enciclopedianavarra.biz/navarra/iturissa/9856/1/.
- ↑ a b Senar, Joxerra. (2012-10-06). «Iturissa, beste aztarna iturri bat» Berria.
- ↑ Senar, Joxerra. (2012-10-05). «Aurizberriko Iturissa aztarnategiaren "potentzialitatea" nabarmendu du Aranzadik» Berria.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Muez, Mikel. (2012-10-05). «Iturissa, la nueva ciudad romana del Pirineo» Cadena SER.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aranzadi Zientzia Elkartea: Zaldua.