Arabiar Liga
Arabiar Liga | ||
---|---|---|
Datuak | ||
Mota | eskualde erakundea, political union (en) eta nazioarteko erakundea | |
Eskumendekoak | Arab Monetary Fund (en) , Arab Air Carriers Organization (en) , Arab League Educational, Cultural and Scientific Organization (en) eta Arab Parliament (en) | |
Agintea | ||
Lehendakaria | Ahmed Aboul Gheit (en) | |
Egoitza nagusi | ||
Osatuta | ||
Historia | ||
Sorrera | 1945eko martxoaren 22a | |
Sortzailea | ||
Jasotako sariak | ||
webgune ofiziala |
Arabiar Estatuen Liga (izen ofiziala) edo Arabiar Liga (arabieraz: جامعة الدول العربية, Jāmiʿat ad-Duwal al-ʿArabiyya), Mendebaldeko Asiako, Ekialdeko Afrikako eta Magrebeko arabiar estatuak batzen dituen erakundea da. 1945eko martxoaren 22ean sortu zuten zazpi arabiar estatuk (Egipto, Irak, Transjordania, Libano, Saudi Arabia, Siria eta Yemen)[1]. Helburu nagusi hau du:
« | Arabiar herrialde guztien ongizate orokorrarentzat bide izan, arabiar herrialde guztientzat izate hobeak ziurtatu, arabiar herrialde guztien etorkizuna bermatu eta arabiar herrialde guztien nahiak eta itxaropenak bete. | » |
Ligaren egoitza egonkorra Kairo hirian dago, Egipton. 1979tik 1989ra bitartean, Tunisen izan zuen egoitza, Egipto erakundetik bota baitzuten. Aipatzekoa da organizazio honek ez duela eskualdeen integrazio maila bereziki altua lortu, eta erakundeak ez du erlazio zuzenik mantentzen bere barnean diren estatuetako herritarrekin. Fundazioan idatzitako gutunak dioenez, Arabiar Ligak zeregin ekonomikoak, erlazio komertzialak, komunikazioa, kultura eta osasuna koordinatzen ditu.
Bere sorrera gutunean, Arabiar Ligak hasierako helburu gisa[2] ezarri zituen: oraindik Europako herrialdeengandik kolonizatuta zeuden gainerako estatu arabiarrak independenteak izan zitezen eta Palestinako Britainiar Mandatuan gutxiengo juduek estatu independenterik (Israel) ezarri ez zezaten ziurtatzea. Horrez gain, zehaztu zuen ez dela Estatuen Batasuna edo Federazioa, estatu burujabe guztiek erabateko independentzia mantentzen duten Liga bat baizik. Azken gertakari politikoetan, Arabiar Liga arabiar aliantza militarra izatera doa etorkizun hurbilean Estatu Islamiko talde terroristaren aurkako nazioarteko koalizio berriaren sortze eta Ekialde Hurbilean Estatu Batuek bere aliatuetako gobernuekin ―esaterako, Israel, Egipto edo Saudi Arabia― egindako esku-hartze eta interbentzio militarrak direla eta. Arabiar Liga AEBko politika interbentzionista onartzen duten eta horren aurka dauden estatuen artean banatuta dago. Yemen, gaur egun, Ligak mehatxatuta dauka erakundeko estatu arabiarren arteko esku-hartze militar bateratu batekin, Siria, Aljeria, Irak eta beste gutxi batzuk baino ez dira horrelako neurrien aurka agertu.
Historia eta fundazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar Estatuen Liga, edo Arabiar Liga, 1943an Egiptok egindako deialdi baten ondorioz sortu zen. Egiptok, beren interesak aldezteko, arabiar herrialde guztiak bilduko zituen erakunde bat sortzea proposatu zuen, izan ere, Kairo baitzen, britainiarren eskutik, Ekialde Hurbileko erabaki ekonomiko zein militarrak hartzen ziren tokia. Garai hartan, egoera nahasia zen Ekialde Hurbilean eta gainerako eremu arabiarretan (Bigarren Mundu Gerra, kolonien askatasuna, sionismoa, etab.)
Momentu hartan, estatu arabiar guztien egoera oso ezberdina zen, Irak eta Siriaren gobernuek herrialde arabiarren loturak indartu nahi zituzten, baina Libanon (biztanle kristau kopuru garrantzitsua), ez zegoen hain ondo ikusita mugimendu hori. Bestalde, Yemenen, Saudi Arabian eta Egipton, berriz, nahiz eta bizirik egon herrialde arabiarren elkartasun sentimendua, interes nazionalak lehenesten ziren.
Hala eta guztiz ere, ez zegoen zalantzarik gerrak gogor bultzatu zuela arabiar nortasun eta elkartasun sentimendua. Hori dela eta, Arabiar Liga sortzeko lehen saiakera egin zuten, britainiarren laguntzarekin (eremuan horien influentzia ziurtatzeko).
Lehenengo zirriborro hartan, Irakeko eta Erresuma Batuko lehen ministroek bost puntu zehaztu zituzten, eta hauen baitan hartuko ziren gainerako erabaki guztiak:
- Juduei autonomia txiki bat emango zitzaien Palestinan.
- Irak eta Siria Handiak osatuko zuten Arabiar Liga
- Siria Handi bat sortuko zen, Palestina, Siria, Transjordania eta Libanok osatua.
- Ligak batzorde bat izango zuen, administrazioa, gobernua, kanpo arazoak, defentsa, gai ekonomikoak eta gutxiengoen babesaz arduratu eta koordinatuko zituena.
- Libanoko maronitek erregimen pribilegiatu bat izango zuten.
Elkartasun hori, Haxemiak zuzenduko zutela zehaztu zen. Baina lehen proiektu hark oposizio indartsua izan zuen: komunitate judua alde batetik, Libanoko iritzi publikoa bestetik, Siriako nazionalistak, hegemonia ezarri nahi zuten egiptoarrak, Al-Hijaz erregea (Haxemien indarraren beldur)... Beraz, oposizioak proiektuaren porrota ekarri zuen. Horregatik, Egiptoko Nabas presidenteak bigarren proiektuari ekin zion; integrazio maila baxuagoa eskatzen zuen, eta ingelesen laguntza handiagoa. Bi konferentzia eman ondoren (Alexandrian 1944ean eta Kairon 1945ean) eta lan diplomatiko handiak egin ondoren, beren helburua lortu zuten azkenean. Horrek ekintza-gaitasun erlatiboa zuten zazpi herrialde batu zituen: Egipto, Siria, Libano, Transjordania, Irak, Saudi Arabia eta Ipar Yemen eta Palestinako arabiar ordezkari batekin batera, gainerako arabiar herrialdeen balizko sarrerarako ateak zabalik utziz independentzia lortu ondoren haiekin bat egin nahi zutenentzako.
Egoera horretan, beraz, arabiar herrialde zapalduen askatasuna lortzeko eta Palestinan estatu juduaren sorrera saihesteko Liga sortu zen. 1950. urtera arte laguntza militarra eman zioten elkarri Ligako herrialdeek, baina, gerora, merkataritzan eta ekonomian nabarmendu zen elkartasun hori.
Bere egoitza finkoa Kairon ezarri zen. Beste herrialde batzuetako barne gaietan esku hartzea debekatuta zegoen arren, helburu batzuk finkatu ziren: estatu kideen arteko harremanak sendotzea, haien independentzia eta subiranotasuna zaintzeko politikak koordinatzea eta, oro har, herrialde arabiarren gai eta interesei eragiten zien guztia. Ekonomia gaietan, komunikazioetan, kultura gaietan eta gizarte ongizate politiketan ere lankidetza indartu zen. Ligako kideen arteko gatazkak konpontzeko indarrez ez jotzeko akordioa lortu zen.
Bestalde, ekimen politikoak koordinatzeko edo elkarren arteko liskarrak konpontzeko gune gisa agertu zen hasieratik, baina huts egin zuen arabiar munduan ekimen bateratuak aurrera eramateko ahaleginean, herrialde bakoitzak bere interesak baitzituen. 1976an, Palestinaren Askapenerako Erakundea onartua izan zen. Handik bi urtera, ordea, krisi larria gertatu zen Ligan, Egipto (palestinarren etsai) Israelengana hurbildu eta harekin Camp Davideko hitzarmena sinatu zuelako; gorabehera horren eraginez, Egipto erakundetik egotzi zuten 1978an, baina, 1987an, arabiar buruzagiek berriro berreskuratu zituzten harremanak Egiptorekin, eta, hurrengo urtean, atzera, Ligan onartu zuten.
1990eko hamarraldian, Ekialde Hurbileko bake hitzarmenen bultzatzaile nagusia izan zen Arabiar Liga, eta, nazioetako eta nazioarteko hainbat erakundetan, arabiar munduaren interesen aldezle eta ordezkari izan zen. Horretarako, ezinbestekoa izan zen Golkoko Gerraren garaian Kuwaiten burujabetasunaren alde egin izana eta Estatu Batuak buru zituen nazioarteko koalizioaren alde agertu izana Iraken erasoen aurrean.
Gaur egun, Arabiar Ligaren lan aipagarrienak gizarte, kultura, ekonomia eta politikaren alorrean antolaturiko egitasmoak dira. Alde horretatik, garrantzi handiko lana egiten ari da arabiar ondare kulturala babesten eta berreskuratzen; alfabetatze eta eskolatzearen alorrean; gizarteko zenbait arazoren kontrako lanean (droga…), eta emakumearen integrazioaren aldekoan. Bestalde, zenbait bitartekaritza eta lekuan lekuko hitzarmenak lortzeko lagungarri izan da, adibidez, Arabiar Ekimen Ekonomiko Bateratua osatzeko, zeinetan erakundearen elkarlan ekonomikoaren oinarriak jaso baitira.
Egitura eta antolaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ligako herrialde guztiek osaturiko Kontseilua da erakundearen organo nagusia; herrialdeez gainera, 15 batzordek osatzen dute Kontseilua, hainbat gairen inguruko (finantzak, ekonomia, komunikazioak, etab.) aholkularitzan dihardutenak.
Herrialde bakoitzak boto bana du, eta gehiengoz hartzen dira erabakiak, nahiz eta botoa ematen duenak bakarrik bete behar dituen erabakitakoak. Bi bilera egiten dira urtean, gutxienez, eta bilkura bereziak egin daitezke bi kidek gutxienez hala eskatuz gero.
Kontseiluaren erabakiak aurrera eramateaz eta administrazioaz, Idazkaritza Orokorrak du ardura nagusia, Idazkari Orokorra buru duela. Bost urtez behin hautatzen da idazkaria, Kontseiluaren eta idazkaritzaren bidez, eta, zenbait alorretan, eskumenak dituzten hainbat sailetatik (ekonomia, legegintza, politika) jasotzen du laguntza bere lana aurrera eramateko.
Hauek dira liga osatzen duten organismo garrantzitsuenak:
- Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Arabiar Funtsa.
- Arabiar Batasun Ekonomikoaren Kontseilua.
- Erakunde edo asoziazio arabiarrak.
- Arabiar Diru Funtsa.
- Idazkaritza Nagusia.
- Batzorde teknikoa.
Kideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar Ligako kideak (eta onartze data):
- Egipto: 1945eko martxoaren 22a (kide fundatzaileetarikoa) (1979-1989 bitartean kanporatua izan zen)
- Irak: 1945eko martxoaren 22a (kide fundatzaileetarikoa)
- Jordania (1949 arte Transjordania izenarekin): 1945eko martxoaren 22a (kide fundatzaileetarikoa)
- Libano: 1945eko martxoaren 22a (kide fundatzaileetarikoa)
- Saudi Arabia: 1945eko martxoaren 22a (kide fundatzaileetarikoa)
- Siria: 1945eko martxoaren 22a (kide fundatzaileetarikoa)
- Iparraldeko Yemen: 1945eko maiatzaren 5a, 1990az geroztik Yemen izenarekin
- Libia: 1953ko martxoaren 28a
- Sudan: 1956ko urtarrilaren 9a
- Maroko: 1958ko urriaren 1a
- Tunisia: 1958ko urriaren 1a
- Kuwait: 1961eko uztailaren 20a
- Aljeria: 1962ko abuztuaren 16a
- Hegoaldeko Yemen: 1967 (1990ean (Iparraldeko Yemenekin bat egin zuen)
- Arabiar Emirerri Batuak: 1971ko ekainaren 12a
- Bahrain: 1971ko irailaren 11
- Qatar: 1971ko irailaren 11
- Oman: 1971ko irailaren 29a
- Mauritania: 1973ko azaroaren 26a
- Somalia: 1974ko otsailaren 14a
- Palestina: 1976ko irailaren 9a (hasiera batean Palestinaren Askapenerako Erakundea zen palestinarren ordezkari; gero, hark Palestinar Aginte Nazionalari eman zion ordezkari izateko eskumena)
- Djibuti: 1977ko apirilaren 9a
- Komoreak: 1993ko azaroaren 20a.
2003. urtean Eritrea batu zitzaion erakundeari, begiraletzat.
Egiptok Israelekin erlazio diplomatikoak ezartzeak ekarri zuen herrialde hori kanporatzea 1979tik 1989ra bitartean.
Denboraldi baterako suspendituak izan diren kideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979an, Egipto zigortu eta kanporatua izan zen Egipto-Israelgo Bake Ituna sinatu ostean, eta Ligaren egoitza Kairotik Tunisera eraman zuten. 1987an, Arabiar Ligako estatuek Egiptorekin harreman diplomatikoak berrezarri zituzten; herrialdea berriro onartu zuten Ligan 1989an, eta Ligaren egoitza Kairora eraman zuten[3].
2011ko otsailaren 22an, Libiako Arabiar Herri Jamahiriya Sozialista Handia (Libiaren izen ofiziala 1977-2011 bitartean) suspenditua izan zen[4]. 2011ko abuztuaren 27an, Arabiar Ligak Libiaren kidetasuna berrezartzeko bozkatu zuen Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko ordezkari baten akreditazioaz, zeina herrialdeko behin-behineko gobernu gisa aitortua baita, Gaddafi Tripoli hiriburutik kendu ostean[5].
2011ko azaroaren 16an Siria kanporatu zuten, Siriako Gerra Zibila hasi zenean. 2013ko martxoaren 6an, Arabiar Ligak Siriaren eserlekua Siriako Koalizio Nazionalari eman zion Arabiar Ligan[6]. 2014ko martxoaren 9an, Nabil Elaraby idazkari nagusiak adierazi zuen Siriaren eserlekua hutsik geratuko zela oposizioak bere erakundeen eraketa amaitu arte[7]. 2021ean, Arabiar Ligak Siriaren eta beste nazio arabiar batzuen arteko normalizazio prozesu bat hasi zuen[8]. 2023ko maiatzaren 7an, Kairon, Arabiar Ligaren Kontseiluaren bileran, Siriaren kidetasuna berrezartzea adostu zen[9].
Politika eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar Liga bere kideak ekonomikoki integratzen laguntzen saiatzen den erakunde politikoa da, eta estatu kideen arteko gatazkak konpontzen saiatzen da atzerriko laguntzarik eskatu gabe. Estatuko parlamentu ordezkari baten elementuak ditu, eta atzerriko gaiak, maiz, NBEren gainbegiratzepean egiten dira.
Arabiar Ligaren Gutunak[10] arabiar aberriaren printzipioa onartu zuen estatu kideen burujabetasuna errespetatuz. Ligako Kontseiluaren[11] eta batzordeen[12] barne araudia 1951ko urrian adostu zuten, eta Idazkaritza Nagusiarenak, 1953ko maiatzean[13].
Harrezkero, Arabiar Ligaren gobernantza nazioz gaindiko erakundeen bikoiztasunean eta estatu kideen subiranotasunean oinarritzen da. Estatalitate indibidualaren kontserbazioak bere indarguneak eliteen berezko lehentasunetik eratortzen zituen, erabakiak hartzean beren boterea eta independentzia mantentzeko. Gainera, aberatsenek beren aberastasuna arabiar nazionalismoaren izenean banatzearen beldurra, arabiar agintarien arteko sukarra, eta arabiar batasunaren aurka egin lezaketen kanpoko botereen eragina, ligaren integrazio sakonagoa lortzeko oztopotzat har daitezke.
Palestinako arabiarren aldeko aurreko iragarpenak kontuan hartuta, Itunaren egileek Ligaren barruan sartzeko erabakia hartu zuten bere inauguraziotik[14]. Hau eranskin baten bidez egin zen, zeinak zioen[10]:
« | Nahiz eta Palestinak bere patua kontrolatu ezin izan zuen arren, beretzat gobernu-sistema bat ezartzea erabaki zuen Nazio Ligaren Itunak bere independentzia aitortzean. Beraz, bere existentzia eta bere independentzia nazioen artean, de jure ezin da beste edozein estatu arabiarren independentzia baino gehiago jarri zalantzan [...]. Horregatik, Liga Arabiarraren Ituna sinatu zuten estatuek uste dute, Palestinaren egoera berezia kontuan hartuta, Ligaren Kontseiluak Palestinako ordezkari arabiar bat izendatu beharko lukeela bere lanean parte hartzeko, herrialde horrek benetako independentzia lortu arte. | » |
1964ko Kairoko Goi Bileran, Arabiar Ligak herri palestinarra ordezkatuko zuen erakundea sortzeari ekin zion. Lehen Kontseilu Nazional Palestinarra Ekialdeko Jerusalemen bildu zen 1964ko maiatzaren 29an. Palestinako Askapenerako Erakundea 1964ko ekainaren 2an sortu zen. Palestina laster onartu zuten Arabiar Ligan, PAEk ordezkatuta. Gaur egun, Palestinako Estatua Arabiar Ligako kide osoa da.
Beiruteko Goi Bileran, 2002ko martxoaren 28an, Ligak Arabiar Bakearen Ekimena onartu zuen[15], Saudi Arabiak bultzatutako Israel eta arabiarren arteko gatazkarako bake plana. Ekimenak erabateko normalizazioa eskaintzen zuen Israelekiko harremanetan. Trukean, Israeli, lurralde okupatu guztietatik erretiratzeko eskatzen zitzaion (Golango Gaina barne) Zisjordanian eta Gazako Zerrendan palestinarren independentzia aitortzeko eta Ekialdeko Jerusalem hiriburua izanik, baita errefuxiatu palestinarrentzako bidezko irtenbidea ere. Bakearen aldeko ekimena 2007an berretsi zen Riadeko goi-bileran. 2007ko uztailean, Arabiar Ligak misio bat bidali zuen Israelera ekimena bultzatzeko, Jordaniako eta Egiptoko Atzerri ministroek osatua. Venezuelak (2008-2009ko Israel eta Gazaren arteko gatazkaren erdi-erdian) diplomazialari israeldarrak kanporatzea erabaki ondoren, Waleed Al-Tabtabaie Kuwaiteko parlamentariak Arabiar Ligaren egoitza Caracasera (Venezuela) eramatea proposatu zuen[16]. 2010eko ekainaren 13an, Arabiar Ligako idazkari nagusi Amr Mohammed Moussak Gazako zerrenda bisitatu zuen, 2007an Hamasek armak hartu zituenetik Arabiar Ligako funtzionario batek egin zuen lehen bisita.
Arabiar Liga Txina-Arabiar Estatuen Lankidetza Foroko (CASCF) kidea da, 2004an sortua. CASCF Arabiar Ligak lehen aldiz parte hartzen du beste herrialde edo eskualde batekin lankidetzan aritzeko foro batean[17]. CASCF arabiar estatuen eta Txinaren arteko alde anitzeko koordinazio-mekanismo nagusia da, eta, CASCFen barruan, Arabiar Ligak indar bateratu samar gisa ordezkatzen ditu bere estatu kideak[18]. Arabiar Ligaren koordinazioak estatu arabiarrei aukera ematen die aktiboki negoziatzeko estatu anitzek parte hartzen duten proiektu kolektiboetarako, hala nola trenbide proiektuak, energia nuklearreko proiektuak eta Itsaso Hilaren ekimenak[17].
2015ean, Arabiar Ligak esku-hartze militarraren alde egin zuen, Yemenen, Saudi Arabiak huthi xiiten eta 2011ko altxamenduan kargutik kendu zuten Ali Abdullah Saleh presidente ohiaren aldeko indarren aurka egin zuenean[19].
2018ko apirilaren 15ean (AEBk babestutako kurdu siriarrak Afrin kokagunetik kanporatzeko asmoz),Turkiak Siria iparraldean egindako inbasioari erantzunez, Arabiar Ligak ebazpen bat onartu zuen Turkiako indarrei Afrinetik erretiratzeko eskatuz[20].
2019ko irailean, Arabiar Ligak gaitzetsi egin zituen Zisjordania okupatuaren ekialdeko zatia (Jordaneko bailara) anexionatzeko Benjamin Netanyahuren asmoak[21].
2019ko urriaren 12an, Arabiar Liga Kairon bildu zen Turkiak Siria ipar-ekialdean egindako erasoaz hitz egiteko. Bileran, estatu kideek Turkiaren erasoaldia gaitzestearen alde bozkatu zuten, estatu arabiar baten aurkako inbasio eta eraso izendatuz eta nazioarteko zuzenbidearen bortxaketa zela gehituz[22].
2020ko irailaren 9an, Arabiar Ligak uko egin zion UAEk Israelekiko harremanak normalizatzeko hartutako erabakia gaitzesteari. Hala eta guztiz ere, «Gure herrialde arabiar guztien helburua, salbuespenik gabe, okupazioa amaitzea eta estatu palestinar independente bat ezartzea da, 1967an Ekialdeko Jerusalem hiriburutzat zuten mugetan», esan du Abul Gheitek[23].
Gailurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zkia. | Data | Harrera herrialdea | Harrera hiria |
---|---|---|---|
1 | 1964ko urtarrilaren 13tik 17ra | Arabiar Errepublika Batua | Kairo |
2 | 1964ko irailaren 5etik 11ra | Arabiar Errepublika Batua | Alexandria |
3 | 1965ko irailaren 13tik 17ra | Maroko | Casablanca |
4 | 1967ko abuztuaren 29an | Sudan | Khartum |
5 | 1969ko abenduaren 21etik 23ra | Maroko | Rabat |
6 | 1973ko azaroaren 26tik 28ra | Aljeria | Aljer |
7 | 1974ko urriaren 29an | Maroko | Rabat |
8 | 1976ko urriaren 25etik 26ra | Egipto | Kairo |
9 | 1978ko azaroaren 2tik 5era | Irak | Bagdad |
10 | 1979ko azaroaren 20tik 22ra | Tunisia | Tunis |
11 | 1989ko azaroaren 21etik 22ra | Jordania | Amman |
12 | 1982ko irailaren 6tik 9ra | Maroko | Fez |
13 | 1985ean | Maroko | Casablanca |
14 | 1987an | Jordania | Amman |
15 | 1988ko ekainean | Aljeria | Aljer |
16 | 1989an | Maroko | Casablanca |
17 | 1990ean | Irak | Bagdad |
18 | 1996an | Egipto | Kairo |
19 | 2001eko martxoaren 27tik 28ra | Jordania | Amman |
20 | 2002ko martxoaren 27tik 28ra | Libano | Beirut |
21 | 2003ko martxoaren 1ean | Egipto | Xarm el-Xeikh |
22 | 2004ko maiatzaren 22tik 23ra | Tunisia | Tunis |
23 | 2005eko martxoaren 22tik 23ra | Aljeria | Aljer |
24 | 2006ko martxoaren 28tik 30era | Sudan | Khartum |
25 | 2007ko martxoaren 27tik 28ra | Saudi Arabia | Riad |
26 | 2008ko martxoaren 29tik 30era | Siria | Damasko |
27 | 2009ko martxoaren 28tik 30era | Qatar | Doha |
28 | 2010eko martxoaren 27tik 28ra | Libia | Sirte |
29 | 2012ko martxoaren 27tik 29ra | Irak | Bagdad |
30 | 2013ko martxoaren 21etik 27ra | Qatar | Doha[24] |
31 | 2014ko martxoaren 25etik 26ra | Kuwait | Kuwait (hiria)[25] |
32 | 2015eko martxoaren 28tik 29ra | Egipto | Xarm el-Xeikh[26] |
33 | 2016ko uztailaren 20an | Mauritania | Nuakxot |
34 | 2017ko martxoaren 23tik 29ra | Jordania | Amman[27] |
35 | 2018ko apirilaren 15ean | Saudi Arabia | Dhahran |
36 | 2019ko martxoaren 31n | Tunisia | Tunis[28] |
37 | 2022ko azaroaren 1ean | Aljeria | Aljer |
38 | 2023ko maiatzaren 19an | Saudi Arabia | Jidda |
Militarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar Ligaren Defentsa Kontseilu Bateratua Arabiar Ligako erakundeetako bat da[29]. 1950eko Defentsa eta Ekonomia Lankidetzarako Itun Bateratuaren baldintzen arabera ezarri zen Arabiar Ligako estatu kideen defentsa bateratua koordinatzeko[30].
Arabiar Ligak, erakunde gisa, ez du NBEren antzeko indar militarrik, baina, 2007ko goi-bileran, liderrek defentsa bateratua berraktibatzea eta bake indar bat ezartzea erabaki zuten, Libano hegoaldean, Darfurren, Iraken eta beste gune bero batzuetan hedatzeko.
Egipton, 2015eko goi-bilera batean, estatu kideek onartu zuten, printzipioz, indar militar bateratu bat eratzea[31].
Larrialdiko gailurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zkia. | Data | Harrera herrialdea | Harrera hiria |
---|---|---|---|
1 | 1970eko irailaren 21etik 27ra | Egipto | Kairo |
2 | 1976ko urriaren 17tik 28ra | Saudi Arabia | Riad |
3 | 1985eko irailaren 7tik 9ra | Maroko | Casablanca |
4 | 1987ko azaroaren 8tik 12ra | Jordania | Amman |
5 | 1988ko ekainaren 7tik 9ra | Aljeria | Aljer |
6 | 1989ko ekainaren 23tik 26ra | Maroko | Casablanca |
7 | 1990eko maiatzaren 28tik 30era | Irak | Bagdad |
8 | 1990eko abuztuaren 9tik 10era | Egipto | Kairo |
9 | 1996ko ekainaren 22tik 23ra | Egipto | Kairo |
10 | 2000ko urriaren 21etik 22ra | Egipto | Kairo |
11 | 2016ko urtarrilaren 7an | Saudi Arabia | Riad |
- Bi gailur ez zaizkio gehitzen Arabiar Ligako gailurren taulari:
- Inshas, Egipto: 1946ko maiatzaren 28tik 29ra.
- Beirut, Libano: 13 – 1958 azaroaren 15ean.
- 14. Gailurra Fezen, Maroko, bi zatitan ospatua:
- 1981eko azaroaren 25ean: 5 orduko bilera dokumentu-akordiorik gabe amaitu zen.
- 1982ko irailaren 6tik 9ra.
Arabiar Ligako idazkari nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Abdul Razek Azzam (Egipto), 1945—1952
- Abdul Khlek Hassouna (Egipto), 1952 — 1972
- Mahmoud Riyadh (Egipto), 1972 — 1979
- Chedi Klibi (Tunez), 1979 — 1990
- Ahmad Esmat Abd al Meguid (Egipto), 1991 — 2001
- Amr Moussa (Egipto), 2001etik gaur arte
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Arab League from The Columbia Encyclopedia, 6th ed.» www.questia.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
- ↑ http://www.lasportal.org/wps/portal/ar/home_page[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) Timeline: Arab League. 2011-11-15 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) News. (2011-02-22). «Libya suspended from Arab League sessions» Ynetnews (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) «Breaking News, Latest News, Headlines» RTTNews (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) Black, Ian. (2013-03-26). «Syrian opposition takes Arab League seat» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ «Syria opposition 'not yet ready for Arab League seat' | News , Middle East | THE DAILY STAR» web.archive.org 2014-03-10 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) https://www.facebook.com/middleeastmonitor. (2023-03-08). «Saudi Arabia: Talks underway on Syria's return to Arab League» Middle East Monitor (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) «Arab foreign ministers agree to readmit Syria to the Arab League» Al Arabiya English 2023-05-07 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ a b «The Avalon Project : Pact of the League of Arab States, March 22, 1945» avalon.law.yale.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ «Internal Regulations of the Council of the League of Arab States (1951)» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ «Internal Regulations of the Committees of the League of Arab States (1951)» web.archive.org 2008-04-06 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ «Internal Regulations of the Secretary-General of the League (1953)» web.archive.org 2008-04-06 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ Geddes, 1991, 208. or.
- ↑ «Document: The Arab Peace Initiative, 2002» web.archive.org 2009-06-04 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ «Caribbean Net News: Kuwaiti MP calls to move Arab league to Venezuela» web.archive.org 2009-03-04 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ a b (Ingelesez) «China's rise in the Global South : the Middle East, Africa, and Beijing's alternative world order | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) «China's rise in the Global South : the Middle East, Africa, and Beijing's alternative world order | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) https://www.latimes.com/people/christina-boyle. (2015-03-29). «Arab League's joint military force is a 'defining moment' for region» Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) Şafak, Yeni. «Turkey slams Arab League resolution on Afrin operation» Yeni Şafak (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) «Arab nations condemn Netanyahu's Jordan Valley annexation plan» BBC News 2019-09-11 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) «Turkey's Syria offensive an 'invasion': Arab League secretary general» Reuters 2019-10-12 (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ (Ingelesez) «Arab League: Ministers agree not to condemn UAE-Israel deal» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
- ↑ «Arab League Summit 2013» qatarconferences.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
- ↑ (Ingelesez) Mater, Jassim. «Summit hit by new rifts» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
- ↑ (Ingelesez) «Opposition fail to get Syria Arab League seat» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
- ↑ (Arabieraz) «الأردن يستضيف القمة العربية في مارس» العربية 2016-11-02 (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
- ↑ «Tunisia to host next Arab summit» EgyptToday 2018-04-15 (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
- ↑ (Ingelesez) «Free Resources» ABC-CLIO (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
- ↑ (Ingelesez) Edmund Osmańczyk. 2023-02-09 (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
- ↑ (Ingelesez) «UPDATE 5-Arab summit agrees on unified military force for crises» Reuters 2015-03-29 (Noiz kontsultatua: 2023-06-24).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Arabieraz)(Ingelesez) Arabiar Ligaren Webgune ofiziala
- Batzarrak eta agiriak