Edukira joan

Jakin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau aldizkariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Jakin (argipen)».
Jakin
Motahilabetekari, argitaletxe eta kultura erakunde
Fitxa teknikoa
Lehen zenbakia1956
Hizkuntzaeuskara eta eleaniztun
Argitaratze lekuaDonostia
Banaketa
Maiztasuna1 hilabete
Historia
ZuzendariaLorea Agirre
Identifikadoreak
ISSN0211-495X

jakin.eus
Facebook: JakinFundazioa Twitter: jakin_eus Instagram: jakin_fundazioa Youtube: UCOeYqmIMbf8noiG385GpBYw Edit the value on Wikidata

Jakin Euskal Herriko kultura-taldea, aldizkaria eta argitaletxea da. Aldizkaria Arantzazun (Oñati) sortu zuten frankismo betean eta euskaraz kaleratzen direnen artean beteranoetarikoa da. "Kultura eta pentsamendua" jorratzen ditu. Jakin Taldeko kide nabarmenak Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai dira.

Etengabe berregokitu beharrak markatu du Jakin taldearen bilakaera. Behin eta berriz berrasten, berrasmatzen, berregokitzen ibili behar izan dute, jarrera hori ia-ia ezaugarri propio bihurtzeraino. Etapa hauek bereiz daitezke historia horretan:[1][2]

Sorrera. Arantzazun 1956an

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkaria kaleratu baino lehen, Arantzazuko frantziskotarren inguruan bildutako kultura taldea zen Jakin. 1956an sortu zen, eta urte hartan hasi zen Teologiaren Yardunak izeneko aldizkaria kaleratzen. Han idatzi zuten, besteak beste, Orixek, Zaitegik, Gazteluk, Txillardegik eta Alfontso Irigoienek. Sortu ere Euskaltzaindiak Arantzazun egin zuen Euskaltzaleen gerraosteko lehen Biltzar irekira begira sortu zen. Eta bertan agortu zen aldizkariaren lehen edizioa.

Erdi Arotik irten eta Aro Moderno guztian, Arantzazu Euskal Herriaren bilgune eta sinbolo izan da. Arantzazu euskararen, kulturaren eta artearen zentro bat bilakatua zen Euskal Herriarentzat Jakin sortu zenean. Gerra ondoan Arantzazun aurkitu zuen euskarak lehenengo babesa euskaltzaleen eta Euskaltzaindiaren aurreneko bilerekin; han erabaki zen euskara batua.

Joxe Azurmendi hasierako lankideetako bat.

Bederatzigarren zenbakitik aurrera Kepa Enbeita eta Joseba Intxausti Rekondo izan ziren aldizkariaren zuzendari. Joseba Intxaustiren zuzendaritzapean Joxe Azurmendi laguntzaile gisa hasi zen. Taldea urtero biltzen zen, elizaren babespean. Hasieran teologia eta filosofia gaiak erabili bazituzten ere, hizkuntzarekiko eta gizartearekiko ardurak nagusitzen hasi ziren gero. Garai horretan, euskal kulturaren beharrez jabeturik, Europako filosofia eta pentsamendua ekarri zituzten aldizkarira.

Administrazio eragozpenak zirela eta, 1961ean kaleratzeari utzi zioten hiru bat urtez, baina bitarte horretan taldekideek beren lanak Egan aldizkarira bidali zituzten.

Jakin aldizkariak hastapen beretik euskara nolabait batzearen aldeko jarrera argia izan du. Kultura mailako hizkuntza finkatzeko eta bateratzeko ekimenak sustatu ziren aldizkariaren baitan. Euskaltzaleen artean euskara batuaren inguruko eztabaidak gori-gori zeudenean, aldizkarien artean Jakin izan zen lehena Baionako Biltzarraren erabakiak (1964) betearazten.

Hiritartu 1967an

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Joan Mari Torrealdai 2008an.

Hamar urte egin zituen sorlekuan, eta barne-krisi baten ondorioz 1967an fisikoki ere hiritartu egin zen, gaien aldetik urte batzuk lehenago hiritartuta bazegoen ere. Orduan talde laneko zuzendaritza laikoa osatu zen (R. Arregi, Karlos Santamaria, A. Lekuona, Ibon Sarasola, J. A. Arana). Garaiko gaiak erabili ziren orduan, sozialismoa, burujabetza, erlijiozko krisia, euskararen eguneratzea, hirugarren mundua, etab.

Egoera berrietara moldatzera derrigorturik ere egon da aldizkaria 1967an, 1969an, 1977an, 1990ean.

1968an Joan Mari Torrealdaik hartu zuen zuzendaritza, Donostian hartu zuen egoitza eta aldizkariaren tankera aldatu zuen, Esprit Frantziako aldizkariaren itxura hartuta.

Debeku garaian indartu (1969-1977)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969ko krisian, Francoren gobernuak aldizkariaren baimena errotik moztu zuenean, alegia, taldea eratu eta indartu egin zuten.

Jakinkideak urte horietan sakabanaturik egon zirenean, ikasketak egiten, Katalunian, Italian, Frantzian edo Alemanian, Jakinek bazuen talde izaera, birtuala baino sendoagoa, komunikazio idatziaren bidez eta aldian aldiko topaketak eginez. Are eta gehiago gero, herriratu zirelarik eta bakoitzak bere bide profesionala hartu zuenean, Jakin zen beren bilgune naturala.

Egoera berrietara eta garai berrietara moldatuz-moldatuz egin zuten bidea, alor guztietan: pertsonalean, formula juridikoetan, euskarrietan, produktuetan, eta beste.

Jakin argitaletxea eta UZEI institutua. 1977ko berrasmatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Paulo Agirrebaltzategi Joseba Intxaustirekin UZEIren sorkuntzan parte hartu zuen.

Taldea fisikoki bildu zenean proiektu berriak abiarazi zituzten 1977an orduan UZEI sortu zuten eta argitaletxe bihurtu zen Jakin (Jakin Sorta); Torrealdai, Intxausti eta Agirrebalzategi izan ziren zuzendariak urte haietan. 1977an berriz ere kaleratzen hasi zen L. A. Bilbaoren eta J.M. Torrealdairen zuzendaritzapean. Diktadura osteko aro berrian Jakin aldizkaria kultur aldizkari kritikotzat definitzen da eta soziologia, zuzenbidea, filosofia, zientzia edo literatura gisako eremu ezberdinak landuko ditu.

Jokin Zaitegik amestu zuen Euskal Idazleen Etxea Miarritzen barik Donostian gauzatu zuten Jakin Taldekoek 1977an.

Jakin Taldean aldizkariaz gain hainbat lan egin zuten urte horietan. Hala nola, UZEI sortzeaz gain, geroago, Eusenorren parte hartzea Paulo Agirrebaltzategik; Eusko Jaurlaritzarentzat euskararen historia sozialeko zenbait argitalpen eta ekimen Joseba Intxaustiren eskutik; Torrealdairen Euskal idazleak, gaur liburuaren ondoren, Joseba Intxaustik zuzenduriko Euskal Herria bi liburukiak edota Joxe Azurmendiren tesia eta argitalpenak Arizmendiarrietari buruz; Paulo Agirrebaltzategiren gidaritza Euskal Kulturaren Batzarrea (EKB) delakoan. Geroago Kontseiluko zuzendaritzan sartu zen Torrealdai, eta Euskaldunon Egunkaria-koan ere bai.[3]

2003an, guardia zibilek Joan Mari Torrealdai atxilotu eta torturatu zuten, Jakineko zuzendaria eta Euskaldunon Egunkariaren zuzendaritza batzordeko kidea zela, orduko Espainiako Gobernuak Egunkariaren aurka abiatutako prozesu baten barruan. 2010ean absolbitu zuten kargu guztietatik, jasandakoa jasanda, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Iñaki Uriarekin batera. Bere lanarentzat garrantzi handikoak ziren hainbat dokumentazio eta fitxategi desagertu egin zitzaizkion urte haietan miaketak izan zirela medio.

2014 urtea, transmisioaren urtea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lorea Agirre jakineko zuzendaria.

Jakin-en memoria historikoa etorkizunaren zerbitzuan osoki jarri zuten. Horregatik fundazioa. Jakin Fundazioa sortuta, ondare material eta ez materiala oso-osorik iraganari etorkizuna emateko xedez bermaturik gelditu zen.

Paperezko aldizkaria modernotu eta gune digitala prestatu zuten, ondare osoa jendearen eskura klik batean eskainiz.

Lorea Agirre kazetari eta gizarte antropologian adituak hartu zuen lekukoa aldizkariaren zuzendaritzan. Kontseilu Editorial berrian antropologia, arte, filosofia, kazetaritza, liburugintza, sorkuntza eta soziologiaren eremutik etorritako jakinlari berriak sartu ziren. Eta herrigintzari, kulturgintzari edo euskalgintzari lotutako era guztietako gaiak lantzen jarraitzen dute.

Zuzendaritza berriko beste kideak hauek izan ziren: Haizea Barcenilla, Harkaitz Cano, Idurre Eskisabel, Patxi Juaristi, Joanmari Larrarte, Maialen Lujanbio, Imanol Murua Uria, Andoni Olariaga, Olatz Osa, Gexan Sors eta Eguzki Urteagak. Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakari bihurtu zen, eta Xabier Eizagirre erredaktore buru.[4]

Jakin-UEU-Usurbil jardunaldia udan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017an hasi ziren Udako Euskal Unibertsitatea, Jakin eta Usurbilgo Udala elkarrekin jardunaldi bat antolatzen, Usurbilen bertan eta UEUren udako ikastaroen barruan[5] Harrezkero hauek izan dira hausnartzeko eta eztabaidarako jorratu dituzten gaiak:

  • 2023: 'Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak'[6]
  • 2022: 'EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza'[7]
  • 2021: 'Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?[8][9]
  • 2020: 'Pandemiak, distopiak eta mundu berriak'[10][11]
  • 2019: 'Maitasuna politikoa da' [12][13]
  • 2018: 'Utopia 1968/2018. Iruditeria berrien bila' [14][15]
  • 2017: 'Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua'[16][17]

Euskalgintzako eragileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sei hamarkadetan zuzendaritzaren itzulinguruan ibilitako lankideak 50 bat izan ziren. Baina Jakinek, bere proiektuak eta produktuak ondu eta mamitzeko orduan, jende askorengana jo du, kanpoko lankidetzak bilatu dituzte, eta horien ikuspegiak berera ekarri. Aldizkarian bakarrik 3.100 lankidetza izan dituzte, eta 1.250 lankide edo idazle.[1]

Hainbat eremutan aritu izan dira taldekideak: Euskal Idazleen Elkartearen hasiera urratsetan, alfabetatze mugimenduaren hastapeneko ahaleginetan, UEUren bideratze lanetan; eta, batez ere, EKBn eta Kontseiluan, UZEIn eta Eusenorren, Anaitasuna aldizkarian eta Euskaldunon Egunkaria-n, Elkar Fundazioan eta Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioan, unibertsitatean, eta abar.

Erakunde publikoekin lankidetzan ere aritu izan dira, Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.

Euskararen erakunde publiko orokorra dugun Euskaltzaindian kide, batzordekide eta lankide izan dira taldekideak.

« Lortu duzue behinola Arantzazun hasi zen asmo hura euskaldun guztiontzat errealitatea izatea, eta, gainera, ezinbesteko erreferentzia! Ekin eta jarrai! Joseba, Joxe, Paulo eta Joan Mari, laurok zarete euskaltzain! »

Andres Urrutia Euskaltzainburua


Jakin Taldearen argitalpen nagusia Jakin aldizkaria bada ere liburuak ere argitaratu ditu aldizkariaren osagarri gisa.

1961an administrazioak aldizkaria eten zuenean hainbat liburu argitaratu zituen taldeak aldizkariaren hutsunea betetzeko. Era berean, 1969an aldizkaria legez kanpo utzi zutenean Jakin Sorta saila abiarazi zuten hamar liburu argitaratuz 1975a arte.

Jakin Taldearen beste proiektuetako bat Jakin Liburu Sorta izan zen eta bertan 28 liburu argitaratu zituzten 1971-1981 urteetan. Euskarazko entziklopedia unibertsal eta orokorra osatzeko asmoz liburuxka monografikoetan jakintza modernoetako gaiak bildu ziren.

1990eko hamarkadan Jakin Irakurgaiak sailari ekin zitzaion Joxe Azurmendiren ardurapean. Sail horretan pentsamenduaren dibulgazioa sustatu nahi da autore eta gai ezberdinak aurkeztuz. Hasi zenetik 45 liburu argitaratu dira sail horretan.

Jakini Gipuzkoako Domina entregatzen 2018an

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Torrealdai, Joan Mari. (2018-12-19). Jakin, Arantzazutik mundu zabalera. Jakin Fundazioko lehendakariaren diskurtsoa, Jakin Talde historikoaren izenean, Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzeko ekitaldian..
  2. ORAIN GIPUZKOA. Gipuzkoako Urrezko Domina ohorezko bereizgarriaren emate ekitaldia. (Noiz kontsultatua: 2018-12-20).
  3. Torrealdai, Joan Mari. (2016). Biografiatik bibliografiara. in Joan Mari Torrealdai. Manuel Lekuona Saria / Premio Manuel Lekuona. 2015. Jakin, Eusko Ikaskuntza., 5-24 or..
  4. Argia. (2014-04-16). «Jakinek zuzendaritza berria aurkeztu du, Lorea Agirre buru» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-01-03).
  5. «Usurbilgo Udalak, JAKINEK eta UEUk hitzarmena sinatu dute :: berriak :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  6. «Jakin Jardunaldiak: 'Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak' - Agenda» Usurbil (Noiz kontsultatua: 2023-08-01).
  7. «EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza (Jakin jardunaldia) :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-07).
  8. «Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada? (Jakin Jardunaldia) :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  9. Jakin jardunaldiak 2021. Bideoak. Krisi ekosozialaren erdian: Eli eta Manex Pagola (itxiera). Jakin.
  10. «'Pandemiak, distopiak eta mundu berriak' Jakin Jardunaldiko hitzaldien bideoak» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-24).
  11. «Pandemiak, distopiak eta mundu berriak. (Jakin Jardunaldia) :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  12. «'Maitasuna politikoa da' Jakin Jardunaldiko hitzaldiak ikusgai» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  13. «Maitasuna politikoa da. Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen. (Jakin jardunaldiak) :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  14. «UEU-ren udako ikastaroen baitako Usurbilgo Jakin Jardunaldiak aurkeztu dituzte - Usurbil» Noaua.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  15. «Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila (VII): Bego Huarte - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  16. «'Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua' (I) Mari Luz Esteban eta Ignazio Aiestaran - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  17. «Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua. Jakin jardunaldiak. :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-16).
  18. ««Jakin plaza izan da»» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-12).
  19. Ugarte Irizar, Itziar. ««Pulpitu ez, plaza izan da Jakin»» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-08-12).
  20. Artola, Amalur. (2018). «Joan Mari Torrealdai: «Herrigintzan, euskaltzaletasunari aitortu behar zaio zentraltasuna»» GARA (Noiz kontsultatua: 2019-08-12).
  21. Otermin, Jon. (2018). «Euskal Kultura modernitatean jartzeagatik. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-08-12).[Betiko hautsitako esteka]
  22. Ibargutxi, Felix. (2018). «Urrezko Domina jaso dute «Jakineko mosketeroek»» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2019-08-12).
  23. «'Jakin' aldizkariak jasoko du Durangoko Azokako Argizaiola saria» Argia 2006-11-23 (Noiz kontsultatua: 2019-08-12).
  24. «"Jakin" aldizkarirako izango da Durangoko Azokaren Argizaiola saria - GARA - euskalherria.com» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-12).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]