Edukira joan

Enkarterriko asto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Enkarterriko astoa» orritik birbideratua)
Enkarterriko asto
Sailkapen zientifikoa

Enkarterriko astoa Euskal Herriko mendebaldeko eskualdean mantendutako bertako asto arraza da. Gaur egun, bereziki Karrantza aldean hedatuta dago, nahiz eta Gipuzkoan, esate baterako, antzeko morfologiako astoak egun arte mantendu diren. Azken urtetan arraza berreskuratzeko elkartea sortu da Gipuzkoan[1]. Euskal Herriaz gain, arraza mendebaldeko Kantabrian ere zabaldurik egon da, nahiz eta egun bertan ia desagerturik dagoen. Piriniar astoa izeneko asto arrazarekin antzekotasun handiak ditu, bere senide hurbila izanik.

Garai batean baserriko lan indarra astoa eta idia izan ziren, baina Euskal Herriko industrializazioa dela eta, eta honek berekin batera ekarritako baserriko lanen mekanizazioarekin, kopuruari dagokionez atzerakadarik handiena jasan duen aberea da etxeko astoa. Arrazak Bizkaiko Enkarterrietan zein Arabako ipar ekialdean du jatorri, baina Enkarterriko asto arraza Euskal Herri osoan zabaldutako antzinako asto mota izan zen. Ezaugarri bereziena bere tamaina txikia da, inguruko beste asto arrazekin konparatuz gero. Enkarterriko astoak nekez gainditzen ditu 120 cm. soin gurutzera.

1898. urteko Urto mendateko argazkia. Pottoka, nafar artzanora eta Enkarterriko astoa ageri dira.

Arrazaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enkarterriko astoak, baserriko lanaz gain, Enkarterri aldeko meategietan lanean ibili ziren bertako bagoietatik tiraka. Beraien tamaina txikia eta indar handia zela eta, preziatuak izan ziren lantegi horretarako, pottokak bezala. Lantegi hau dela eta, pottokaren kasuan bezala, horregatik uste da arraza gehiago mantendu dela Enkarterrietan[2]. Eskualdean, joan den mendeko zazpigarren hamarkadaren hasieran 1.000 asto inguru zeuden zentsaturik. Hogei urte geroago 100tik behera besterik ez ziren[3]. Datu honek Euskal Herriko gainontzeko eskualdeen egoerarako baliagarria izan daiteke.

Enkarterriko asteme bat, ia urtebeteko bi ahuntz azpigorrirekin, Arabako mendebaldean, Kuartangon. Hirurek dute neguko ilajea.

Zalantzarik gabe esan daiteke etxe-astoa dela Euskal Herri guztian industriaren garapenarengatik eta nekazaritzako lanen mekanizazioarengatik atzerakadarik handiena jasan duen etxe aberea.

2005. urtean 100 eme baino gutxiago zeuden. Hainbat partikular eta erakunde publikori esker kopurua zerbait emendatu da, baina Equus Survival Trust elkartearen irizpideen arabera, arraza galzorian dago, hazkuntzarako 300 eme baino gutxiago baitaude.[4]

Bizkaian ADEBUEN elkarteak bultzatzen du Enkarterriko astoaren iraupena. Bizkaiko Foru Aldundiak asto samalda bat mantentzen du Gordexolan.

Gipuzkoan bertako astoa berreskuratzeko Giasel elkartea sortu zuten 2002. urtean.[5] Gaur egun Giaselek 150 asto baino gehiago zaintzen ditu herrialdean. Horietatik 50 eme kalifikatuta daude, eta arren artean 6 dira kalifikatuak.

Urtero Lazkaon ospatzen da Lazkaoko astotxo eguna, eta azken urteetan ospakizun hori bertako astoaren berreskurapenerako eguna ere bilakatu da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]