Senegal
Senegal,[1] ofizialki Senegalgo Errepublika[1] (frantsesez: République du Sénégal), Mendebaldeko Afrikako estatua da. Iparraldean Mauritaniarekin du muga, ekialdean Malirekin, hegoaldean Ginea eta Ginea Bissaurekin eta mendebaldean Ozeano Atlantikoarekin. Horrez gain, erdian Gambia inguratzen du. Cabo Verdeko uharteak Senegalgo itsasbazterretik 560 kilometrora daude. 196.712 kilometro koadroko eremua du, eta 2016an, 14,7 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Dakar da.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegal Afrikako mendebaldean dago, ipar latitudeko 12º8´ - 16º41´ artean eta mendebalde longitudeko 11°21´ - 17°32' artean. Cap-Vert penintsula Afrika kontinentearen mendebaldeko muturra da. Mendebaldean 530 kilometroko kostaldea du Ozeano Atlantikoaren bazterrean.
Senegal ibaiak egiten du iparraldeko muga, Mauritaniarekin, eta Falemek ekialdekoa, Malirekin. Hegoaldean, Fouta Djalon mendiguneak zeharkatzen du Senegal eta Ginearen arteko muga, eta oihan tropikalak Senegal eta Ginea Bissauren artekoa. Gambia Senegal barneko enklabea da, Casamance eskualdea ia erabat bakarturik uzten duena.
Erliebea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo ia lurralde osoa zelaia da. Oro har, hiru alderdi bereiz daitezke: mendebaldean, Cap-Vert penintsula eta eskualdea, sumendi-haitz gogorrezko goi-ordoki txikiez osatua; hego-ekialde eta ekialdean, Gineako Fouta Djalon mendigunearen adarren ertzetako mendixkak, gehienez ere 500 m garai direnak (punturik garaiena 581 m); eta gainerakoan, lurmuturraren eta mendixken arteko guztian, sakan zabal eta zelaia da.
Kostaldea zelaia eta zuzena da Senegal ibaiaren bokaletik Saloum ibaiaren bokaleraino. Handik hegoaldera, berriz, ibai bokale batzuek hautsia eta zingiratsua da.
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo ibai nagusiak, iparraldetik hegoaldera, Senegal eta Faleme, Ferlo, Sine, Saloum, Gambia eta Casamance dira. Senegal ibaiak Senegalen eta Mauritaniaren arteko muga egiten du, eta haren adarretako batek, Falemek, Senegalen eta Maliren artekoa. Arront eskualde lehorrak zeharkatzen baditu ere, Senegal ibaia emari handikoa da, iturburua Fouta Djalon mendigune euritsuan duelako. Bokaletik Podorreraino nabigagarria da (175 kilometro) eta ur handien sasoian Maliko Kayeseraino (975 kilometro). Sine eta Saloum agortzen dira lehorraldietan. Gambia eta Casamance, berriz, ur emari handikoak dira.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo klimak basamortuko lehorraren eta tropikoko hezearen ezaugarriak ditu. Oro har, hiru klima mota bereiz daitezke:
- Saint-Louis eta Dakar hirien arteko kostaldekoa: urtarrileko batez besteko tenperatura minimoa 17 °C-koa eta maiatzeko batez besteko tenperatura maximoa 27 °C-koa dituena, eta euri sasoia ekainetik urrira duena (500 mm).
- Sahelgoa edo estepako klima beroa, Bsh Köppen klima sailkapenaren arabera, Senegal ibaiaren eta Thiès eta Maliko Kayes herrien arteko irudizko lerroaren bitartekoa: urtarrileko batez besteko tenperatura minimoa 14 °C-koa eta maiatzeko batez besteko tenperatura maximoa 40 °C-koa dituena, eta euri sasoia uztailetik urrira duena (350 mm). Alderdi horretako landaredia sabana lehorrekoa da, tarteka akaziak dituena.
- Azkenik, aipatutako lerrotik hegoaldera, Senegalek sabanako klimaren ezaugarriak ditu (Aw). Kaolacken, adibidez, tenperatura maximoa 38 °C-tik gorakoa izaten da urte osoan zehar, eta euria eta landaredia, hegoaldera joan ahala, gero eta ugariago dira: 725-975 mm euri Kaolack-Tambacounda eskualdean, eta 1250 mm-tik gora Casamancen. Hala, herrialdearen hegoaldean baso tropikala hazten da, eta mangladiak kostaldean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo historiaurre eta protohistoriako aztarnarik ezagunenak Senegambiako zirkulu megalitikoak dira, 2006an UNESCOk gizateriaren ondare izendatuak. Islama XI. mendean kokatu zen Senegal ibaiaren haranean. XIV. mendean sortutako Wolof Inperioa eskualdeko garrantzitsuena izan zen.
Garai koloniala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegal europarrek Afrikan lehenbizi kolonizatu zuten lurraldeetako bat da. 1444an portugaldar itsasgizonak Cabo Verdera iritsi ziren, eta hurrengo urteetan merkataritza guneak sortu zituzten Gorée uhartean eta Senegalgo kostaldeko beste toki batzuetan. XVII. mendean, herbeheretarrek eta frantsesek hartu zuten portugaldarren tokia.
1638an, frantsesek Saint-Louis hiria sortu zuten, esklaboen salerosketarako, eta 1677an Gorée kendu zieten herbeheretarrei. Bi aldiz britainiarren mendean egon ondoren, 1817tik aurrera Gorée eta Saint-Louis Frantziaren eskuetan geratu ziren berriz. Bien bitartean, arabiar gomaren ekoizpen eta esportazioak lehentasuna kendu zion esklaboen salerosketari.
1848an Frantziako Bigarren Errepublikak esklabotasuna debekatu zuenean, koloniako ekonomiaren hazkundea eten egin zen. 1854an Louis-Léon Faidherbe gobernari izendatu zuten. Faidherbek lurralde osoa menderatu zuen eta Mendebaldeko Afrikako konkisten abiapuntutzat erabili zuen. Halaber, kakahuetea sarrarazi zuen. 1857an Dakar sortu zuten, 1895tik aurrera Mendebaldeko Afrika Frantsesaren gobernuaren egoitza izan zena. Bigarren Mundu Gerran senegaldar asko Frantziaren gudarosteko sailetan borrokatu ziren. 1958an, Frantziako errepublika autonomo, eta 1960ko ekainaren 20an estatu burujabe bilakatu zen.
Senegal burujabea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo Errepublikako lehenbiziko presidentea Léopold Sédar Senghor izan zen, 1960tik 1980 arte. 1962an, estatu-kolpe bat galarazi ondoren, Senghor-ek aginpide osoa hartu zuen, eta alderdi politiko bakarreko erregimena ezarri zuen. 1976tik aurrera debekatutako alderdi politikoen legeztapena hasi zen. 1981ean, Senghor-ek lehen ministro eta Alderdi Sozialistako buru zen Abdou Dioufen eskuetan utzi zuen lehendakaritza eta bera izan zen 2000 arte lehendakaria, 1983, 1988 eta 1993 urteetako hauteskundeak irabazi ondoren. 1982ko otsailaren 1ean Senegalek eta Gambiak, elkar harturik, Senegambiako Konfederazioa eratu zuten, baina 1989an desegin zen, okerrera egin baitzuten bien arteko harremanek. 1989-1992 bitartean, muga arazoak zirela eta, Mauritaniaren eta Senegalen arteko harremanak eten ziren, eta borroka latzak izan ziren Senegal ibaiaren eskualdean. Hegoaldean, Casamance eskualdeko talde separatista bat Senegalgo armadarekin borrokan ari da 1982. urtea ezkero.
2000. urtean Abdoulaye Wade aukeratu zuten presidente. 2004an, lehendakariak Casamanceko gerrillari taldeekin bake-hitzarmen bat sinatu zuen. 2012ko presidentziarako hauteskundeetan Macky Sall oposizio-burua nagusitu zen, botoen %65,8arekin.[3]
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegal errepublika da. 1983ko konstituzioaren arabera, errepublikako lehendakariak aginpide eragilea du, eta gainera, berak izendatzen ditu ministro batzordeko kideak, eta bera da batzorde horretako burua. Legebiltzarrak legegintzako aginpidea du. Lehendakaria eta legebiltzarreko 150 diputatuak bost urtez behin hautatzen dira bozketa bidez.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegal 14 eskualdetan (régions) banaturik dago. Eskualdeak 45 departamendutan (départements) banatzen dira, eta departamenduak barrutietan (arrondissements).
Eskualdea | Hiriburua | Eremua
(km2) |
Biztanleria
(2013ko errolda)[4] |
---|---|---|---|
Dakar | Dakar | 547 | 3.137.196 |
Ziguinchor | Ziguinchor | 7.352 | 549.151 |
Diourbel | Diourbel | 4.824 | 1.497.455 |
Saint-Louis | Saint-Louis | 19.241 | 908.942 |
Tambacounda | Tambacounda | 42.364 | 681.310 |
Kaolack | Kaolack | 5.357 | 960.875 |
Thiès | Thiès | 6.670 | 1.788.864 |
Louga | Louga | 24.889 | 874.193 |
Fatick | Fatick | 6.849 | 835.352 |
Kolda | Kolda | 13.771 | 714.392 |
Matam | Matam | 29.445 | 562.539 |
Kaffrine | Kaffrine | 11.262 | 566.992 |
Kédougou | Kédougou | 16.800 | 152.357 |
Sédhiou | Sédhiou | 7.341 | 452.944 |
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016an, 14,7 milioi biztanle zituen.[2] Banaketari dagokionez, gehienak mendebaldean bizi dira, herrietan, itsasertzetik hurbil; nolanahi ere, hiriguneak, eta hiriburua batez ere, handitzen ari dira. Dakar herrialdeko garraiobideen, administrazioaren eta ekonomiaren gune nagusia da. Jaiotza-tasa handia da (34 jaiotza/1.000 biztanle), heriotza-tasa baino askoz handiagoa (8,3 hildako/1.000 biztanle), eta biztanleria bizkor ari da ugaltzen (% 2,42 2016an).[5] Bizi itxaropena 61,7 urtekoa da; 59,7 urtekoa gizonezkoena eta 63,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespena).[5]
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo biztanleria Sudango lurraldeko beltzen etniez osatua da. Sei etnia nagusi daude: wolof (% 38,7), fulani (% 26,5), serer (% 15), mandinka (% 4,2), jola (% 4) eta soninke (% 2,3);[5] beste talde txikiago batzuk ere daude (mauri, lebu, basari). Orain gutxi arte, etnia horietan, gizartea mailakako hurrenkeran antolatua egon da: printzeen kasta, aitoren semeak, libreak, behe-mailako kastak eta, azkenik, esklaboak.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza ofiziala frantsesa da, baina etnia bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du; hala ere, wolofera indarra hartzen ari da haien artean.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanle gehienak musulmanak dira, % 95,4 2010ean. % 4,2 kristauak dira, gehienak katolikoak, eta % 0,4 animistak.[5]
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegal: biztanle gehien duten udalerriak Senegal - Largest Cities, citypopulation.de | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Post. | Izena | Eskualdea | Biztanleak | ||||||
Dakar |
1 | Dakar | Dakar | 2.646.503[6] | Thiès Kaolack | ||||
2 | Touba | Diourbel | 753.315 | ||||||
3 | Thiès | Thiès | 317.763 | ||||||
4 | Kaolack | Kaolack | 233.708 | ||||||
5 | Mbour | Thiès | 232.777 | ||||||
6 | Rufisque | Dakar | 221.066 | ||||||
7 | Saint-Louis | Saint-Louis | 209.752 | ||||||
8 | Diourbel | Diourbel | 133.705 | ||||||
9 | Tambacounda | Tambacounda | 107.293 | ||||||
10 | Louga | Louga | 104.349 |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo ekonomia nekazaritzan oinarritzen da. Herrialdean bi alderdi bereiz daitezke: aurrerabidean dagoen sartaldea, batetik, eta, bestetik, sortalde behartsua, bizibidea ozta-ozta ateratzen duena. Nolanahi ere, Senegal Afrikako herrialde aurreratuenetako bat da. IX. mendearen erdialdeaz gero, Senegalen lantzen den gai nagusia kakahuetea da, eta herrialdearen ekonomia kakahuete-uzta onaren edo txarraren mendean egon da. Gainera, nekazaritza eta, beraz, herrialdearen ekonomia osoa, lehorteen arriskupean dago. Larrialdietan Senegalek beste herrialde batzuen laguntza izan du, Frantziarena batez ere. Arrisku horien aurrean, gaur egun, gero eta lur gehiago erabiltzen ari dira beste gai batzuetarako (azukre-kanabera, artatxikia, basartoa, arroza, artoa eta kotoia). Abere-hazkuntzak (ardiak eta behiak) eta, batez ere, arrantzak (atuna) nolabaiteko garrantzia dute. Lehen sektoreak langileen %77,5 hartzen zuen 2007an.[5] Fosfatoen ustiapenak ere nolabaiteko garrantzia du.
Senegalgo industria nekazaritzako eta arrantzako gaiak, eta baita produktu kimikoak eta petrolioa ere, eraldatzera bideratua da: kakahuete-olioa, ehungintza, arrain-kontserba, azukregintza, petrolio-findegiak..., eta hiriburuan dago bilduta. Turismoak gero eta garrantzi handiagoa du. Senegalek kakahuete-olioa, arraina, fosfatoa, petroliotik eratorritako gaiak, kotoia, eta produktu kimikoak esportatzen ditu, eta petrolio gordina, makineria eta oinarrizko elikagaiak inportatzen ditu batez ere. Merkataritza-harreman gehienak Frantziarekin, eta ondoren, Europako eta Afrikako beste herrialde batzuekin ditu.
Dakarreko aireportuak eta portuak garrantzi handia dute Europa, Afrika eta Hego Amerika arteko harremanetan. Errepideak eta burdinbideak nahikoak dira, kostaldean behinik behin.
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irakaskuntza derrigorrezkoa da 6-12 urte bitarteko haurrentzat, baina haurren %40, gutxi gorabehera, baino ez da eskolara joaten; hiri nagusietan lanbide-eskolak daude, eta Dakarren unibertsitatea.
Osasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo osasun-egoera eta zerbitzuak ez dira onak eta, oro har, askoz ere erosotasun gutxiagoko bizimodua duten bezala, askoz txarragoak eta urriagoak dira herrietan hirietan baino. Esate baterako, 1-4 urte bitarteko haurren heriotza-kopurua bost aldiz handiagoa da herrietan Dakarren baino. Osasun-arazo nagusiak malaria, tetanosa, meningitisa eta arnas bideetako tuberkulosia dira.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senegalgo kulturak ahozko tradizioari esker iraun du gaur egun arte. Koblakari moduko griot-ek herriaren oroimena zaintzen dute, eta ahoz aho, herriaren iraganaren berri ematen diete ondorengo belaunaldiei, herrietan batez ere. Literaturan aipatzekoak dira Léopold Senghor poeta (1906an jaioa), errepublikako lehendakari izana, eta baita Ousmane Sembène eleberrigilea ere. Senghor Negritude («belztasuna») edo herri beltzen nortasuna aldarrikatzea helburutzat zuen literatura-mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. Bestalde, arteari dagokionez, eskulturak, abstraktua eta idiogramazkoa, garrantzi handia izan du senegaldarren artean; gaur egun Europan saltzen da gehiena. Musikari batzuek arrakasta erdietsi dute mundu zabalean, esaterako Youssou N'Dour-ek, Ismael Lôk eta Touré Kunda taldeak.
Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikusi: Senegaldar borroka
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2016-10-28).
- ↑ a b Agence Nationale de Statistique et de la Démographie. ansd.sn (Noiz kontsultatua: 2016-10-30).
- ↑ Macky Sall oposizioburuak irabazi du Senegalgo presidentziarako hauteskundeetako bigarren itzulia, berria.info
- ↑ Senegal: Administrative units, geohive.com
- ↑ a b c d e Senegal. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2016-10-28).
- ↑ Pikine eta Guediawaye barne
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Senegal animistara txangoa, paperekoa.berria.info
- (Frantsesez) Herrialdeko webgune ofiziala, gouv.sn